'Oinak Lurrean' dituen jendea erakutsiko du Iker Galartzak

Iker Galartza/
Iker Galartza

Bizitzako une erabakigarrienetan oinak lurrean eduki behar direla erakutsiko duten lau lagunen historia bilduko du saioak

Oinak lurrean dituen jendea erakutsiko du Iker Galartzak astelehen honetan, ETB1en prime timean. Bizitzeko ezinbestekoak dira ametsak, baina une erabakigarrienetan, lurrean eduki nahi ditugu oinak. Oinak lurrean dituen jende arrunta aurkeztuko digu Iker Galartza aurkezle eta aktoreak ETB1eko saio honetan. Oinak lurrean, benetako garrantzia duten gauzez arduratzen direlako, eta oinak lurrean, benetan lur gainean izaten dituztelako beren oinak.

Guztira lau historia, zein baino zein bitxiagoa. Esaterako, Britainia Handitik etorritako Joseba Attard, Bedaronako Olabe baserria biziberritu nahi duen disenaitzaile grafiko, surflari eta artile-moztailea. Bere emaztearekin 400 urteko baserria berritu nahi du kultur topagune bihurtzeko. Baserria txukundu bitartean, Mongoliatik ekarritako etxola batean bizi da, emaztearekin eta alaba txikiarekin.

Gabiriako Baztarrika baserria ere bisitatuko dute. Baserria emakumeen ardurapean izan da betidanik. Hasieran amona izan zen, gero Amelia, ama, eta orain Elik, alabak, hartu du baserriko eginkizun guztien ardura. Ehunka ardi dituzte eta Idiazabalgo gazta egiten dute. Baratzeko lanak eskulturarekin uztartu daitezkeela erakutsiko digu aitak.

Saioan azalduko diren hurrengo protagonistek ere lurrean dituzte oinak, baina orain dela urte batzuk oinak ez ezik, kemena ere lurrean zuten. Joxeanek eta Jabik, ezbeharrei aurre eginez, lurretik altxatu eta beren bidea topatu dutela erakutsiko digute. Karakola eta barea bezalako bikotea da eta karakola eta barea dira, hain zuzen ere, gezurra eman arren, euren amesgaiztorik handiena. Joxean baratzeaz arduratzen den bitartean, Jabi saltzaile lanetan ibiltzen da, merkatuan eta etxez etxe, neurrira egindako barazki sortak banatzen.

Bukatzeko, Oierren historia ezagutuko dugu. Ospitaletako larrialdietan bezala, egunean 24 ordu ematen ditu ezustekoei adi. Baina Oierren gaixoek berezitasun handia dute: lau hankako pazienteak dira. Oier albaitaria da eta alde batera eta bestera ibiltzen da bere furgonetarekin, baserriz baserri animaliak sendatzen, ernaldien jarraipenak egiten eta psikologo lanak egiten. Psikologo lanak? abereen zenbait jaberekin!

Guztiek beren ametsak kontatuko dizkiote Iker Galartza aurkezleari 'Oinak Lurrean' saioan. Buruan dituzten ametsak azaltzeaz gain, oinak lurrean dituztela erakutsiko digute irailaren 25ean, 22:15ean ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos