Neurri estandarretatik kanpo dauden pertsonak, 'Ur Handitan' saioan

Eneko Sagardoy, 'Handia' filmeko protagonista../DV
Eneko Sagardoy, 'Handia' filmeko protagonista.. / DV

'Handia' filmaren hariari tiraka, Iñaki Zubizarretaren eta Lara Asensioren errealitatea ezagutuko dute Handiak izeneko erreportajean

'Handia' filmak erraldoi baten istorioa kontatzen du, Altzoko handiarena. Ohikoa baino altuagoa izateak, ezberdina izateak, eragindako zailtasunak agerian uzten ditu bertan. Badira gizarteko neurri estandarren barnean ez egotearen ondorioak, gaur egun, egunero jasaten dituzten pertsonak. Horien errealitatea erakutsiko du 'Ur Handitan' saioak, baita Handia filmaren atzean dauden hainbat kontu ere.

Iñaki Zubizarretak 11 urterekin 1,90 neurtzen zuen. Eta hura bere bizitzako garairik latzenetako bat izan zen. Ez agian latzena, bi anaia galdu baitzituen egun berean, pittin bat lehenago, eta gainera, ikastolara joatea amesgaizto bilakatu zen. Burlak etengabeak ziren. Behin mutil bat komunera joan, bertan kaka egin eta koadrila hartako lagunek Iñakiren burua bertan sartu zuten. Egun hartan bere bizitzan inflexio puntua etorri zen. Galeara bere buruaz beste egiteko asmoarekin joan zen, baina han atzera egin zuen, eta bizitzea erabaki. Altuera arazo bat zen orduan, baina gerora abantaila bilakatu zen, saskibaloi jokalari profesional izan baita.

Lara Asensioren bizitza bestelakoa izan da. Berak akondroplasia du, gizartean 'enanismoa' izenez ezagunagoa dena. Berak gure gizartea altuera horretara egokituta ez egotea ez du traumatikoki bizi izan. Amak txikitatik esaten zion "kalean ez dituzu gauzak egokituta izango, beraz, etxean ezta ere". Baina lagunak eta familia beti izan ditu ondoan. Begiradak ere jasan ditu eta jasaten ditu, baina horien aurrean, batik bat bere alboan daudenengandik pasatzen duela gaizki dio.

Bi esperientziak oso ezberdinak dira, baina biek garbi dute euren gorputzak diren moduan maite dituztela eta euren buruak onartuta, zoriontsu izatea lortu dutela.

Eneko Sagardoy 'Handia' filmeko protagonista izango da beste elkarrizketatuetako bat. Durangarrak, Handiaren mitoaz hitz egiteaz gain, atzean ezkutatzen den pertsona eta haren papera nola prestatu duen azaldu digu. Gainera, filmaren zuzendari diren Aitor Arregirekin eta Jon Garañorekin Altzo herrian izan dira, 'Handia'-ren inguruko sekretuez mintzatzen.

Ohiko estandarretatik kanpo dauden pertsonen egunerokotasuna, asteartean, 22:30ean, ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos