Mungiako Bertso Egunaren berri, 'Hitzetik Hortzera'n

Halaber, Jone Larrinaga eta Ibon Larrazabal 'Larra' Mungiako bertso-eskolako kideak gonbidatu dituzte

Aurreko asteburuan Mungian izandako Bertso Egunaren berri emango du igandeko 'Hitzetik Hortzera' saioak. Ziklo berrian murgildu zen larunbatean Bertso Eguna: ibiltari bihurtu da herriz herri ibiltzeko bokazioz. Mungian izan zuen lehenengo geltokia, eta bertan izan ziren 'Hitzetik Hortzera'ko kamerak. Hiru bertso-bazkariek eta jaialdiak emandako bertso onenak eskainiko dituzte igandean, eta Jone Larrinagak eta Ibon Larrazabal Larra-k herriko bertso-eskolaren nondik norakoak azalduko dizkigute.

Egitarau oparoa izan zuen ziklo berriko lehenengo Bertso Egunak. Goizean letragintzaren inguruan aritu ziren Jon Maia, Rafa Rueda eta Maria Rivero, Alaia Martin gidari zutela. Ondoren, eguneko berrikuntza nagusietako bat iritsi zen: hiru bertso-bazkari aldi berean, herriko hiru elkartetan. Julio Soto eta Onintza Enbeita jardun ziren Ehiza eta Arrantza Elkartean, Miren Amuriza eta Jon Maia Anaitasuna Elkartean, eta Jone Uria eta Igor Elortza Guri Zer Elkartean.

Bertso-bazkarietan bertsoz ase ez zirenentzat azkeneko platera geratzen zen oraindik: bertso jaialdia. Bost bertsolari aritu ziren kantuan Alaitz Rekondok gidatuta: Oihana Bartra, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Manex Agirre eta Amets Arzallus. Aldamenean, luxuzko gonbidatuak izan zituzten lagun: Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria, sortak kantatzen.

Eta igandeko programa borobiltzeko, bi gonbidatu izango dituzte: Jone Larrinaga eta Ibon Larrazabal Larra. Mungiako bertso-eskolako kide dira biak, eta bertso-eskolan egiten duten lanaren eta Mungiaren berri emango digute.

Hau guztia igande bazkalostean, 15:00ak aldera izango dugu ikusgai ETB1en eta EiTB Nahieran ere eskuragarri egongo da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos