Motxiladun umeak, 'Ur Handitan' saioan

Aste honetako saioak euskal presoen seme-alabak izango ditu protagonista Xabier Madariagaren saioak

DV

'Ur Handitan' saioko aste honetako protagonistak umeak eta gazteak dira. Nagusienak 19 urte ditu, txikienak zortzi. Motxiladun ume izenarekin ezagutzen dira: euskal presoen seme-alabak dira, aita edo ama, kasu batzuetan biak, espetxean dituzte. Kasu guztietan gurasoak Euskal Herritik kanpo daude. Horrek saioko protagonisten egunerokoan duen eragina emango du ezagutzera ETB1eko saioak.

Gari izeneko bederatzi urteko umea Granadako kartzelan jaio zen, gurasoak bertan baitzeuden preso. Hiru urtera arte Espainiar Estatuko kartzela ezberdinetan bizi izan zen gurasoekin, baina, legeak behartuta, kartzelatik irten behar izan zuen. Ordutik, Biriatun bizi da bere aitona-amonekin. Gurasoak egun Algecirasko kartzelan daude eta Garik hilero 2.000 km-ko joan etorria egiten du beraiek ikusteko. Gariren errealitatea bere osotasunean ezagutzeko, bidaia horietako batean izan dira berarekin.

Maddik 11 urte ditu eta ahizpa eta amarekin bizi da. Hiru urte zituenean atxilotu zuten bere aita. Gaur egun Valentzian dago preso eta hilero joaten zaizkio hirurak bisitan. Zazpi orduko bidaia da, "astuna eta gogorra", bere hitzetan.

Adur 19 urteko gazte bilbotarra da. Bere adineko edozein gazteren egunerokotasuna du; lagunak, ikasketak? Aita, ordea, Frantzian, Arlesko kartzelan dago eta errutina guztiz baldintzatzen dio honek.

Amaiurrek 14 urte ditu eta asko gustatzen zaio futbolean aritzea. Ama joaten zaio partiduetan animatzera. Aitak 17 urte daramatza Castelloko kartzelan. Amaiurrek ez du, beraz, aita kalean inoiz ezagutu. Garai batean ama ere espetxera sartu zuten eta aitona-amonekin bizi izan zen. Espetxeko bidaiak bere bizitzaren parte izan dira jaio zenetik.

Hize eta Aiur, zortzi eta hiru urteko anai arrebak dira eta beraien aita Murtziako kartzelan dago. Txikitatik ezagutu duten errealitatea izanik ere, "bisita bakoitza oso berezia da" beraientzako. Hilean lau orduz bisitatzen dute aita eta telefonoz astean bitan hitz egiten dute berarekin.

Malen unibertsitatean hasi da aurten, eta aitari eginiko bisitak eta ikasketak uztartzen ikasi behar izan du. 18 urte ditu. Bere aitak 20 daramatza espetxean, orain Almerian. Malenek hiru hilabete zituela eraman zuen amak lehenengoz espetxera aita ezagutzera. Ordutik, hilero joaten saiatzen da. 11 orduko bidaia ama eta nebaren konpainian.

Nuria Haizea txikiaren andereñoa da. Bere ikaslearen guraso biak kartzelan zeudela jakin zuenean bere burua eskaini zuen alabarekin batera Valentziara joateko bisitan. Ordutik, urtean behin doaz biak gurasoei eskolako berriak aurrez aurre ematera. Haizearen auto-estimak gora egin du ordutik. Orain normaltasun handiagoarekin hitz egiten die klase-kideei gurasoen egoeraz.

'Ur Handitan' 22:30ean izango da ikusgai ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos