Mendaron izango da 'Herri Txiki, Infernu Handi'

Mendaron izango da 'Herri Txiki, Infernu Handi'

Herrira iristeko arazoak izango dituzte, lortu duten Renault 4ak matxura bat izango baitu

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi'ko emankizunean Mendaron (Gipuzkoa) izango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi. Bertara iristeko arazoak izango dituzte, lortu duten Renault 4ak matxura bat izango baitu. Eskerrak bidean Mendaroko giza probetako lagunak topatuko dituzten eta herriko plazara iritsaraziko dituzten.

Zuhaitzek Teresin ezagutuz hasiko du eguna. Teresinek sekulako bizipoza du. Oso emakume gartsu eta umoretsua da. Bularreko minbizia dela eta Donostiako Ospitalera joan-etorriak egin behar izaten ditu, baina bere bizipozari esker, minbizia azpiratzea lortu du. Berak dioenez, gainera, Donostiako Ospitaleko medikuak oso ederrak ei dira; Mendaroko ospitalekoak, ez hainbeste. Kontxita Azpiazurekin elkartuko da gero Zuhaitz. Kontxitak 94 urte ditu eta sasoi betean dago. Hirugarren pisu batean bizi da, bakarrik, eta aise igotzen ditu eskailerak. Kontxitak ondotxo daki zein den sasoiko mantentzeko sekretua: otorduak egunero sagardoarekin laguntzea eta asteburuetan txuleta jatea. Txokolatea gozoki preziatua da Mendaron, baina dena ez da hori, Mendarok berak bizkotxo propioa baitu: Mendaroko bizkotxoa. Mendaroko bizkotxoa egiteko teknika berezia landu behar da. Bizkotxoa desagertzear dago gaur egun, baina eta Juanita eta Rosi ama-alabek bizkotxoa prestatzeko sekretu guztiak dakizkite. Haiek dira Mendaroko bizkotxoa egiten dakiten azkenengotariko herritarrak. Zuhaitzek bizkotxoa prestatzen lagunduko die. Ez da baina Zuhaitzek bidean aurkituko duen azken bitxikeria. Ramon herritarrak Sendi Anaitasuna elkartearen funtzionamendua kontatuko dio Zuhaitzi. Elkarte berezia da, Mendaroko hainbat herritarren hileta gastuak denen artean ordaintzen baitituzte.

Pagadik, bere partetik, Katasorginaren istorioa ezagutuz hasiko du eguna. Katasorgina, gaur egun, Mendaroko festetako ikurra da. Nahiko ikur berria, nahiz eta bere istorioa aspaldikoa den. Joxe Migel Barandiaranek Mendaroko baserri inguruetan jaso zuen katu bihurtzeko ahalmena zuen emakumearen kondaira. Orain, herritarrek, istorioa hartu eta jaietako ikur bihurtu dute. Paula herritarrak kontatuko dizkio Pagadiri xehetasun guztiak. Koro herritarrak, berriz, etxean duen santu berezia erakutsiko dio Pagadiri. Korok Jesusen Bihotza irudikatzen duen santua du etxeko korridorean. Irudi berezia da beretzat, 365 egunez, 24 orduz, argia piztuta dagoela izaten baitu santua. Silverioren ahotik, berriz, hamaika anekdota bilduko ditu Pagadik. Silverio armagina izandakoa da Eibarren. Espainiar estatuko Juan Carlos erregeari berari eskopetak saldutakoa da. Telefonoz berba egiteko parada ere izan zuten eta Silveriok erregeari adarra jotzeko baliatu zuen deia. Mendaroko txokolate pixka bat dastatzeko aukera ere izango dute. Azkenik eta bukatzeko, Kontxi ezagutuko du Pagadik, Mendaroko taxista bakarra. Kontxik kakorratz eta puntu josketa lanak eginez ematen du denbora bezerorik ez duenean. Horretaz gain, baina, makina bat istorio eta anekdotaren lekuko izandakoa da. Behin bezero bat igo zen bere taxira, bikotekidearen ustezko desleialtasuna espiatzen eskatzeko.

Istorio hauek eta beste asko ikusgai izango dira igande honetan 22:00etatik aurrera, ohi bezala, ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos