Martxan da Frantziako Tourra ETBn

Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak egingo dute jarraipena / ETB

Arreta berezia eskainiko diote lasterketari gaurtik aurrera

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

EiTBko hedabideek, Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek, gaur hasiko den FrantziakoTourrari arreta berezia eskainiko diote.

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute txirrindularitzaren urteko hitzordu garrantzitsuena, egunero, Fermin Aramendiren, Xabier Usabiagaren eta Pedro Mari Goikoetxearen kontakizunarekin. Frantziako Tourraren jarraipen zabala egingo du ETBk eta hainbat etapa hasieratik eskainiko ditu zuzenean. Gainera, txirrindulari euskaldunen jardunari arreta bereziz jarraituko die. Ohi denez, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan ere Tourraren jarraipen zabala egingo dute egunero.

Larunbat honetan, uztailaren 1ean, Düsseldorfeko kaleetan zehar egingo den 14 kilometroko erlojupeko probarekin abiatuko da lasterketa eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute 15:15etik aurrera.

Irratiei dagokionez, Euskadi Irratiak egunero 16:00etan hasita etaparen azken txanpa eskainiko du. Joxe Mari Apaolaza buru dela honako hauek osatuko dute berriemaile eta komentarista taldea: Igor Gallastegi, Iñaki Berastegi, Txomin Perurena, Mikel Astarloza eta Leire Olaberria. Asteburuan, berriz, 'Hiru Erregeen Mahaia'k emango du lasterketaren berri.

Radio Euskadin, halaber, egunero egingo diote tartea zuzenean Tourrari arratsaldean. Dani Egaña adituak eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak, besteak beste, egingo dute etaparen kontakizuna, kirol erredakzioko lankideen laguntzaz.

104. edizioa

Aurtengo Tourraren edizioak, 104.ak, 21 etapa izango ditu guztira, 3,540 kilometroko ibilbidea, eta uztailaren 23an amaituko da Parisen.

Txirrindulariek ibilbide menditsuari egin beharko diete aurre; 23 mendate igaro beharko dituzte guztira. Ibilbidean zehar Frantziako mendigune garrantzitsuenak igaroko dituzte honako ordena honetan: Vosgoak, Jura, Pirineoak, Frantziako Erdialdeko Mendigunea eta Alpeak.

Goi eta erdi-mendiko etapak, guztira, hamar izango dira, eta nabarmentzekoak dira mendate gainean amaituko diren goi-mendiko hiruak: La Panche de Belles Filles (5), Peyragudes (13) eta Izoard (18). Azken mendate hau maila berezikoa da, 14,3 kilometroko luzeera du eta %7,3ko pendizarekin.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos