'Martinez de Irujo, bihotzaren iraultza' dokumentala

Pilotaria, hunkituta, agur esan zuen egunean./J.C. Cordovilla
Pilotaria, hunkituta, agur esan zuen egunean. / J.C. Cordovilla

Pilotari iraultzaile eta txapeldun ildoak oinarri hartuta, haren ibilbidea errepasatuko du ETB1ek asteazken honetan emango duen saioak

'Martinez de Irujo, bihotzaren iraultza' dokumentala eskainiko du ETB1ek asteazken honetan. Esku pilotaren historian leku berezia izango du Juan Martinez de Irujok. Irabazi dituen txapelaz haragokoa da Irujoren eragina esku huskako modalitatean. Zikloi baten moduan sartu zen profesionaletan, eta halatsu utzi behar izan du pilota. Ez du inor epel utzi, ez pilotari zen garaian eta ezta agurrean ere. Bihotzeko gaitz batek erretiratu du Iberoko aurrelaria kirol profesionaletik.

Banakako jokoa irauli zuen Irujok aireko jokoarekin. Errestotik hasita, erabat aldatu zuen bakarka jokatzeko era. Hasieran ez zuen inor asebete. Iraultza gehienetan gertatzen den bezala, kontrako gehiago izan zituen hasieran aldekoak baino. Norbaitek behar zuen eta Irujok aldatu zuen esku pilota banakako lehian, bederen, eta, ondoren, etorri diren guztiek bide horretatik jo dute, atzelariak manomanistako panoramatik ia desagertzeraino. Rezusta izan da salbuespena aurten.

Beraz, bi ezaugarri handi ditu Juan Martinez de Irujok. Iraultzaile edo berritzailearena bata, eta txapeldunarena, bestea. 23 final jokatu ditu profesionaletan egin dituen 13 urteetan (14 izan dira, baina azken urte osoan ez du jokatu. 13garren urtean utzi behar izan zion zuriz janzteari). 13 txapel lortu ditu 13 urte horietan.

Bi ezaugarri nagusi hauek oinarritzat hartuta, hona ordubeteko dokumentalerako proposamena. Dokumentalean, halaber, lagun, pilotari, mediku eta familikoen iritziak ere bildu dituzte. Honako hauek agertuko dira: Bittori Goñi, Irujoren ama; Gemma Blanco, bere emaztea; Alberto Oteiza Lagarto, laguna; Mikel Erro, Oberena pilotalekuko entrenatzailea; Eneko Sagastume, pilotari eta Irujo zalea; Diego Agudo, marrazkilaria; Jokin Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa; Uxua Idiazabal, San Miguel Klinikako kardiologoa; Xabier Usabiaga, kazetaria, eta Abel Barriola, Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria pilotariak.

'Martinez de Irujo, bihotzaren iraultza' dokumentala 22:30ean dago ikusgai ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos