Kirol eta ekintza gaua ETBn

Manny Pacquiao, artxiboko irudian, boxeoan
Manny Pacquiao, artxiboko irudian, boxeoan / EFE

Logroñoko pilota jaialdia, Manny Pacquiao boxealaria eta Tom Clancyren 'The Sum of All Fears' eleberrian oinarritutako filma ikusgai izango dira

Ostiral honetan, Logroñoko pilota jaialdia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 22:15etik aurrera. Hasteko, Retegi Bi-Erostarbe eta Dario-Merino I atariko partida izango da ikusgai, eta, ondoren, Ezkurdia-Rezusta eta Irribarria-Zabaleta bikoteek jardunaldiko partida nagusia jokatuko dute.

Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Xabier Anduezak egingo dute emanaldiaren kontakizuna.

Bestalde, 'Boxeo Izarrak'en denboraldiko azken saioa izango da gaur ikusgai, eta Manny Pacquiao izango da protagonista. Gainera, Ted Cheeseman eta Jack Sellars boxeolarien arteko norgehiagoka eskainiko du saioak. Cheesemanek 7 norgehiagoka egin ditu orain arte, eta denak irabazi, 6 K.O. bidez.

Manny Pacquiao Filipinetako boxeolari ezaguna izango dute protagonista, asteburuan Australian borrokatuko dela hizpide hartuta. Saioak Pacquiaoren eta Jessie Vargasen arteko azken borroka eskainiko du. Pacquiao sei pisutan izan da munduko txapeldun, eta Vargas pisu superarinean eta welterrean. 27 garaipen lortu ditu eta neurketa bakarra galdu du.

'Boxeo Izarrak' ostiral honetan izango da ikusgai, 00:15etik aurrera, ETB1en.

Eta thriller bat

Ben Affleck eta Morgan Freeman protagonista dituen filma da Pánico nuclear (The Sum of All Fears). Phil Alden Robinsonek zuzendu zuen thriller honek Ben Affleck, Morgan Freeman, James Cromwell, Liev Schreiber eta Bridget Moynahan ditu protagonista. Tom Clancyren The Sum of All Fears eleberrian oinarritutako lana da.

CIAko agente baten abentura kontatzen da pelikulan. 1973an, misil nuklear bat zeraman ehiza-hegazkin israeldar bat tiroz bota zuten Ekialde Hurbilean. Hogeita bederatzi urte geroago, adineko arabiar batek misila aurkituko du, eta neonazi batzuekin harremana duen mertzenario bati salduko dio. Misila ikusleen artean AEBko presidentea izango duen Superbowleko partida batean leherrarazi nahi dute neonaziek, errua Errusiari egozteko asmoz. Jack Ryan CIAko agenteak (Ben Affleck) CIAko zuzendariari sinetsarazi beharko dio Errusia ez dela erruduna.

Gaur, 22:15ean izango da ikusgai, ETB2n.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos