Kataluniako hauteskundeei jarraipen berezia egingo diete EiTBn

EiTBko hedabideek saio bereziak eta zuzeneko konexioak eskainiko dituzte, hauteskunde eguneko boto-kontaketa eta emaitzen analisia egiteko

Kataluniako hauteskundeei jarraipen berezia egingo diete gaur EiTBko hedabideek. Denek bertatik bertara eskainiko dituzte hauteskunde hauen datu guztiak, boto kontaketa eta emaitzen analisia. Bartzelonatik zuzeneko konexioak eta saio bereziak eskainiko dituzte.

Hauteskunde egunean, Euskal Telebistak arretaz jarraituko du Katalunian gertatuko dena. 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek ez ezik, goizeko 09:00etatik hasita, ETB1eko 'Egun On Euskadi' eta ETB2ko 'En Jake' saioek Kataluniako azken orduaren berri emango dute. Arratsaldeko 16:15etik aurrera, ETB1eko 'Ahoz Aho' eta ETB2ko 'El Programa de Klaudio' saioek hartuko diete lekukoa.

Gauean, bi kateetan saio bereziak egingo dituzte. ETB1en, Amaia Cayerok eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dute saio berezia 20:30etik aurrera, eta ETB2n, Xabier Garcia Ramsdenek eta Africa Baetak gidatuko dute 20:00etan hasita. Boto kontaketaren datu guztiak eta analisi mahaiak izango dituzte, eta protagonistekin elkarrizketak eskainiko dituzte Bartzelonatik zuzenean.

Saioa Martija (ETB1) eta Juan Carlos Etxeberria (ETB2) Bartzelonako set berezian egongo dira, eta informazio gune desberdinetatik zuzeneko berri emango dute Eli Zunzunegi, Olatz Simon, Myriam Llona eta Miren Josu Arrazola kazetariek. Madrilekin eta Bruselarekin ere bat egingo dute gauean zehar.

Zuzenean Bartzelonatik

Asteazken honetan hasi eta ostiralera arte, 'En Jake' eta 'El Programa de Klaudio' saioak Bartzelonatik zuzenean arituko dira eta ohiko ordutegia aldatuko dute. Xabier Lapitzek gidatzen duen saioa 09:00etan hasiko da eta Klaudio Landarena 16:15etik aurrera izango dugu ikusgai ostegunean eta ostiralean. Ostiral gauean, hauteskunde osteko lehen erreakzioen eta emaitzen analisiaren berri emango du '7 Días' saioak.

Bai Euskadi Irratiak bai Radio Euskadik jarraipen berezia egingo dute hauteskunde egun osoan zehar. Goizean, Maite Artolak gidatutako Faktoria (7:00-10:00) eta Dani Alvarezek gidatutako Boulevard (7:00-10:00) saioak Bartzelonatik zuzenean egingo dira. 19:30etan saio berezi bana hasiko da bai Euskadi Irratian bai Radio Euskadin, egunak eman duena laburbildu eta emaitzen berri emateko. Euskadi Irratiko lantaldea Maite Artolak gidatuko du, eta berarekin batera Oihane Yustos, Oihane Perez eta Ane Agirre izango dira Katalunian. Radio Euskadikoa, Dani Alvarezek gidatuko du, Imanol Manterola, Iñaki Gomez eta Iratxe Ruizen laguntzarekin.

Ostiralean, hilaren 22an, emaitzak jakinarazten diren unean bertan eguneratuko dira EiTBren webgunean, TV3 Kataluniako Telebistaren laguntzari esker, boto zenbaketa zuzenean eskainiz. EiTBren irratsaio eta telebista saio bereziak zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango da Internet bidez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos