'Kataluniak Hordago', Ur Handitan saioan

Xabier Madariaga, saioko aurkezlea

Gironako Empordá eskualdean egon dira Xabier Madariaga eta programako lantaldea

Urriaren 1eko erreferendumaren atarian Katalunian izan da 'Ur Handitan', Gironako Empordá eskualdean. Independentziaren aldekoen gotorleku honetan prozesuari buruz duten iritzia azaldu diote kaleko herritarrek Xabier Madariagari.

Areti Gkika da horietako bat. Itsasondoko alkate izandako emakume greziarra. Orain dela 47 urte jaio zen Atenasen, eta gaztetatik herrialde batetik bestera ibili da: "Mexiko, Euskal Herria, Katalunia... Mundua oso zabala da, eta bizilekuak aldatzea gustatzen zait. Ezingo nuke bizitza guztia leku berean pasatu".

Gaur egun, La Bisbal d'Empordá herrian bizi da Areti, eta Kataluniako gizartean gertatzen ari diren aldaketak lehen pertsonan bizitzeko aukera du. Aretiren bitartez, Kataluniaren eta Espainiaren arteko talka Greziako emakume nomada baten ikuspegitik ikusi ahal izango dugu.

Baina Aretiz gain, bestelako jendea ere aurkitu du Xabier Madariagak Empordá eskualdean. Esate baterako, Xabier Olagoitia bilbotarra. Gironako Rupiá herriko alkatea da Xabier. Deustun jaio zen, baina munduan barrena hainbat buelta eman eta gero 10 urte baino gehiago daramatza Katalunian. 278 biztanleko herri honetan oso pertsona estimatua da, eta urriaren 1eko erreferendumean hautetsontziak jartzeko asmoa du.

Gilem Ormazabal, berriz, Gironako Zuzenbide Fakultateko irakaslea da. Bilbon jaio zen, baina 35 urte daramatza Katalunian. Ondo baino hobeto ezagutzen du bertako gizartea, eta azken hamar urteetan 'zeharo' aldatu dela uste du.

Xabier Madariagak eta 'Ur Handitan' saioko lantaldeak Katalunian pasatu dituzten egunetan urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako hainbat ekitaldi topatu dituzte, eta ekitaldi horietan kaleko jendeak independentziari buruz duen iritzia ezagutzeko aukera izan dute.

Asteartean, irailaren 19an, 22:25ean ikusi ahal izango da saioa ETB1n.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos