BAD jaialdiaren aurtengo edizioaz, 'EiTB Kultura Transit' saioan

'Sortzaileak' atalak Eli Garmendia argazkilari tolosarraren lana ezagutzeko aukera emango du

Antzerkiak eta dantza garaikideak gauza berriak bizi eta sentitzera bultzatzen gaituzte. BAD Antzerki eta Dantza Garaikideko Bilboko jaialdiaren hurrengo edizioak, urriaren 20tik 29ra, erreferentziazko nazioarteko artisten lanak erakutsiko dizkigu, baita euskal sortzaileenak ere.

Lan hauen artean, jaialdiak berak ekoiztutako piezak ere badaude. Horien artean, 'Buñuel', Pabellon 6-k sortu eta Ramon Bareak zuzendutako antzezlana: Buñuel zinemagilearen ikono eta irudiak batuz, artearen, estetikaren eta bizitzaren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu. 'EiTB Kultura Transit' saioa entseguetan izan da.

Gainera, saioak gertutik jarraitu ditu Nerea Martinezen 'Bilaka' obraren prestaketa lanak. Bertan, euskal dantza tradizionalaren eta dantza garaikidearen mugimenduen garapena aztertzen ditu.

Aurtengo BAD jaialdian, eszena berriaren azkeneko joerak ikusiko ditugu, non dantzak eta performance ikustaldiak antzerkiak baino garrantzia handiagoa hartzen ari diren. Hogei konpainia ezberdinen lanak izango dira ikusgai, horien artean, bederatzi euskaldun, eta gehienak, estreinaldiak izango dira.

Eli Garmendia argazkilari tolosarra da aste honetako Sortzaileak atalean protagonista. Urteak daramatza Bartzelonan bizitzen eta bertan egiten du lan, baina bere azken proiektuarekin sustraietara buelta irudikatu du, natura eta bereziki basoa ardatz hartuta. 'El bosque dormido' du izena bere azken lanak.

Lagun poeta batekin sortutako elkarrizketa-artistiko batetik jaio eta Letoniako basoetan garatu du proiektua, beti ere PeterisVasks konposatzaile letoniarraren musikak lagunduta. ETBko lan-taldea ere basoan murgildu da berarekin, Tolosaldeko mendietan, argazkilariaren lana ezagutzeko.

'EiTB Kultura Transit' ostegun honetan izango da ikusgai 23:45ean ETB1en eta 00:30ean ETB2n.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos