Borrar
Maratoiaren aurkezpeneko argazkia. EITB
Iktusa, elkartasun maratoiaren gai nagusia

Iktusa, elkartasun maratoiaren gai nagusia

Hilaren 14ra arte zabalik dago batik bat ikerketera bideratuko diren ekarpenak egiteko epea

Lunes, 4 de diciembre 2017, 11:54

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iktusaren inguruan izango da Euskal Irrati Telebistaren hemezortzigarren Maratoia, 'In>ictus: iker dezagun iktusa / In>ictus: investiguemos el ictus' lelopean. Astelehen honetan hasita, abenduaren 14ra bitartean, EiTB taldeko komunikabideek informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo dute, garuna kaltetzen duen gaixotasun honen gainean berri eman eta ikerkuntzara bideratuko den dirua biltzeko.

Hurrengo egunetan, albistegiek eta hainbat saiok erreportajeak eskainiko dituzte gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukoak bilduz. Diru laguntzak emateko (902 54 25 25) astelehen honetan, abenduak 4, hasi da funtzionatzen.

Hilaren 14a izango da elkartasun kanpainaren egun handia. Egun guztian, ehun pertsona famatuk baino gehiagok diru laguntzak egin nahi dituzten herritarren deiei erantzungo diete. Egun osoan zehar, EiTBko komunikabideek bat egingo dute deiak jasoko dituzten gunearekin.

Aurtengo kanpainak, modu positiboan, euren eguneroko bizitzari berrekiteko iktusa izan dutenen borroka islatu nahi du. Kasu gehienetan indarra eta aurrera egiteko nahia eskatzen du egin behar duten ahaleginak. William Ernest Henleuyren 'Invictus' poema hartu du ardatz kanpainak eta indarra eta aurrera egiteko gogoa ditu hizpide olerkiak.

Maratoiaren iragarkian poema hori irakurtzen ari diren 10 lagun agertzen dira, eta hein berean, errehabilitazioa egiten ikusten ditugu bere eguneroko bizimodua berreskuratzeko. Hain juxtu, Mandelak bere ziegan zuen poema zen Invictus eta indarra ematen zion kartzelako egonaldia pairatzeko.

Garaipenaren ikurra ere azpimarratzen da kanpaina honetan. Invictus-en 'V' ikurrak aurrera egin eta garaitzeko nahi hori irudikatzen du gaixotasunarekin alderatuta. Hortaz, EiTBko hedabideen bitartez kanpainan parte hartu nahi duten guztiei hatzekin 'V' ikurra eginez argazkia atera eta sare sozialetara igo dezaten eskatuko zaie.

6.000 iktus urtean

Iktusa istripu zerebrobaskular bat da, garuneko funtzioen bat-bateko galera, asaldura baskular baten ondorioz, eta, hein handi batean, ezintasun-maila desberdinak eragiten ditu, ondorio sozial larriekin. Gaixotasunaren sintoma nagusiak honako hauek dira: indarraren edo sentsibilitatearen galera gorputz-adarretan, hitz egiteko edo ulertzeko ezintasuna eta ikusmenaren asaldura.

Euskadin 6.000 iktus ematen dira urtean, eta 1.400 lagun hiltzen dira horren ondorioz urtero. Emakumeen heriotzen lehenengo kausa da Euskadin, ezintasunen kausa nagusia eta dementziaren bigarrena. Munduan, berriz, 17 milioi iktus berri ematen dira urtero, eta heriotzen bigarren kausa da.

Nabarmentzekoa, orobat, iktusak eragindako pertsonen %55 osatu egiten dela edo ondorio arinak besterik ez dituela izaten. %30ak, aldiz, ezintasunak eragiten dizkien ondorioekin bizirauten du, eta %15 hil egiten da. Horrez gain, ospitaleratze neurologikoen %70 iktusaren ondorioz ematen dira, eta osasun-arloko gastu osoaren %3 eta %6 artean eragiten du.

Berehalako osasun-arreta jasotzeak daukan garrantziaren berri ez izatea eta sintomak ez ezagutzea dira gaixoak larrialdi-zerbitzuetara beranduegi iristearen arrazoi nagusiak. Gaur egun, Euskal Osasun Zerbitzuak gaixotasun honen ondoriozko ezintasunak eta heriotza-kopuruak murrizten dituzten tratamenduak ditu, baina ekiteko irekitzen den leihoa oso estua da.

Horregatik, berebiziko garrantzia dauka Iktus Kodeak. 2004tik aplikatzen den sistema bat da, iktus baten ageriko sintomak dituzten gaixo guztiak ospitale hurbilenean berehala artatzea helburu duena. 112ko eta ospitaletako larrialdi-zerbitzuetako radiologiako, anestesiako eta neurologiako profesional guztiek osatzen dute kodea.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios