Hondarribian eta Pasaian ibiliko da ETB-1eko itsasontzia

Maitane Salinas eta Ibon Gaztañazpi.
Maitane Salinas eta Ibon Gaztañazpi. / ETB

Gipuzkoara bueltatuko dira Ibon Gaztañazpi eta Maitena Salinas 'Itsasontzi baten' saioaren aste honetako atalean

Igande honetan Gipuzkoara bueltatuko dira Ibon Gaztañazpi eta Maitena Salinas 'Itsasontzi Baten'. Hondarribian eta Pasaian arituko dira bertako txokoak, istorioak eta pertsonaiak bilatuz.

Atal honetan aipamen berezia egingo diote 1961ean izan zen enbatari. Maitenak Santiagorekin eta Beñardorekin egingo du topo eta beraien istorioa entzungo du. Santiagok aita galdu zuen enbata hartan eta Beñardo lekukoa izan zen. Hamalau urterekin, itsasoan lanean hasi zenean enbata hura bizi baitzuen.

Ibonek, berriz, 17 urtez itsasoan nabigatzen ibili den gizon bat ezagutuko du. Hilabete batzuetarako etxetik alde egin eta azkenean urtek eman zituen kanpoan.

Era guztietako istorioak izango dira, baina baita akzio pixka bat ere. Hondarribian Erearekin topo egingo dute Ibonek eta Maitenak, eta apnea egitea probatuko dute. Zenbat denbora egingo ote dute ur azpian? Eta zenbat metrotara jaisteko kapaz izango dira?

Pasaiako portuan egiten den lana bertatik bertara bizitzeko ere aprobetxatuko du Ibonek. Itsasontzi erraldoi bat atoian eramaten saiatuko da. Ea zer moduz moldatzen den.

Maitena, bere aldetik, Albaolara joango da. San Joan baleontziaren eraikuntza zer moduz doan begiratuko du lagun batzuekin.

Amaitzeko, bi herri hauetan arraunak bere tartea izango du. Pasaiako eta Hondarribiko arraunlari neska-mutilekin ibiliko dira bi aurkezleak.

'Itsasontzi Baten' saioa igandean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos