Hiesari buruz arituko da 'Ur Handitan' saioa

ainbat testigantza bilduko ditu Xabier Madariagak gidatutako saioak

Medikuntzaren aurrerapenei esker, gaur egun hiesa gaixotasun aski'eramangarria' da, eguneroko bizitza apenas kaltetzen duena. Duela hogeita hamar urte, berriz, hiesak sufrimendu fisiko handia eta, ia kasu guzti guztietan, heriotza zekartzan. Astearte honetako 'Ur Handitan' saioan hiesaren inguruko testigantza desberdinak ikusiko ditugu.

Jon Koldok New Yorkera bidaia bat egin zuen 2001. urtean. Han zegoela, orban batzuk atera zitzaizkion azalean. Ez zuen zalantza handirik izan. Bere susmo horiek diagnostikoak baieztatu zituen Euskal Herrira itzuli zenean: GIBa, Giza Inmunoeskasiaren Birusaz infektaturik zegoen. 22 urteko gazte bat zen orduan, ogibidez aktorea. Hasieran sekretupean eraman zuen bere gaixotasuna, gerora publiko egitea erabaki zuen, non eta oholtza baten gainean. 'Positivo' antzezlanari esker, bere inguruko guztiek jakin zuten Jon Koldok hiesa zuela. Gaur egun gizon zoriontsua da, birusa kontrolpean dauka, eta edozein pertsonak bezalako bizitza normalizatua darama.

Joseba Errekalde hiesaren borrokan Euskal Herri mailan dagoen aktibista sutsuenetariko bat da. Duela 30 urte baino gehiago infektatu zen. Garai hartan ezin zen heriotza ez zen beste edozertan pentsatu. Hil zorian zegoela, Osakidetzak hiesaren aurkako tratamendua eman zion eta ordutik berea egin du gaixotasun honen inguruan ondo informatu beharraren aldarrikapena. Harri Beltza elkarteko presidentea da. Bertan ezagutu zuen Gorka, duela 15 urte azken hau laguntza bila joan zitzaionean.

Gorka babesik gabeko sexu harremanen bidez infektatu zen. Diagnostikoa jaso zuenean bere bikote berriarekin erabat maiteminduta zegoen. 15 urte igaro dira jada eta batera jarraitzen dute. Preserbatiboa erabili izanagatik, Gorkak ez du bere bikotea infektatu. Hasierako bizi-larritasuna alde batera utzi eta gero, oso babestuta sentitzen dela dio. Harri Beltza elkarteak ezinbesteko papera bete du gaixotasunari aurre egiteko prozesu horretan.

Josu Rodriguezen historia ez da batere ohikoa. 18 urte zituela enteratu zen zein izan zen bere gurasoen benetako heriotzaren kausa: hiesa. Lau urterekin aita hil zitzaion, bi urte beranduago ama. Hiesak, gurasoak eramateaz gain, bere bizitza goitik behera aldatu zuen. Gutxi izango balitz, zurrumurru asko entzun behar izan ditu beti bere herrian bere gurasoen heriotzaren inguruan.

'Ur Handitan' 22:30etik aurrera dago ikusgai ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos