Hezkuntza alternatiboaz arituko dira 'Ur Handitan' saioan

Baso eskola da aurkeztuko den ereduetako bat./AP
Baso eskola da aurkeztuko den ereduetako bat. / AP

'Gurasoen apustua' izenburupean, hainbat hezkuntza alternatibari erreparatuko diete

Hezkuntza, eskola, orain arte ezagutu dugun moduan krisian al dago? Egia al da gero eta guraso gehiago ari direla alternatibak bilatzen haien seme-alabentzat? Alternatiba horiek nolakoak dira? Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko da 'Ur Handitan-Gurasoen apustua' izeneko saioan astelehenean.

Aikari Aldasoro hernaniarrak hiru seme-alaba ditu, eta haien hezkuntzagatik goitik behera aldatu du bizimodua. Hernanitik Trokonizera joan da bizitzera. Arabako herri txiki honetan aurkitu du bere seme-alabentzat egokia iruditu zaion hezkuntza eredua. Trokonizen Geroa Eskola dago, eta bertara joaten dira Aikariren seme-alabak. Waldorf metodoko eskola da Geroa, eredu konbentzionaletik kanpoko eskola alternatiboetako bat.

Izan ere, eredu alternatiboen eskaintza oso zabala da, eta Plisti-plasta eskola da beste aukeretako bat. Plisti-plasta baso eskola aitzindaria da Euskal Herrian. 2014an jarri zuten abian, Kiribilore Permakultura elkartearen barruan. Haurrei naturan bizitzeko eta ikasteko aukera ematea da helburua.

Landabaso Eskola Aktiboan, berriz, hezkuntza librearen aldeko apustua egiten dute. Eskolan lan egiten duen Adrian Garciaren esanetan, "ez gara sentitzen irakasleak, gu bidelagunak gara". Espazioak prest egon daitezen, norbaitek gune erlaxatu eta egokia ahalbidetu behar du. Beraz, irakasleak ez dira irakasle, ikasketa-prozesuetan laguntzen duten pertsonak baizik.

Eskola alternatiboez harago, eskolari alternatiba bilatu diotenak ere egon badaude. Home-schooling kontzeptuaren barruan umeak etxean heztearen aldekoak sartzen dira. Madalen Goiria EHUko zuzenbide zibileko irakaslea da horietako bat. Umeei etxean emandako heziketaz tesia egin du. Shânti Vegak, berriz, lehen pertsonan ezagutzen du eredu hori, txikitatik etxean ikasi baitu. Biek ala biek haien esperientzien berri emango dute saioan.

Azkenik, irakasle izateko ikasten ari diren gazte talde batek hezkuntza munduan izaten ari diren aldaketa horiei buruzko iritzia emango du. Hezkuntzari buruzko gogoeta, beraz, asteartean, 22:30ean, ETB1en.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos