'Herri City', Zuhaitz Gurrutxagaren eta Mikel Pagadiren saio berria

Plato berria dute Zuhaitzek eta Pagadik. /EITB
Plato berria dute Zuhaitzek eta Pagadik. / EITB

Bilbon girotuko da lehendabiziko saioa. Gasteiz, Baiona, Eibar eta Iruñetik eskainiko dira hurrengoak. Gainera, Zuhaitzek eta Pagadik kolaboratzaile berria izango dute: Beñat Iturbe iruindar gaztea

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren laugarren denboraldia bukatuta, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik hirietara joko dute bazterrak nahastera. Igande honetatik aurrera abiatuko da 'Herri City', Euskal Herriko hainbat hiritan girotuko den umorezko saioa. Bost atal izango dira orotara, eta, honako hiri hauek bisitatuko dituzte: Bilbo, Gasteiz, Baiona, Eibar eta Iruñea.

Denboraldi bikaina osatu du 'Herri Txiki, Infernu Handi'k: %5,6ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko %14,3ko kuota eskuratu ditu bataz beste. Saioaren historiako denboraldirik ikusiena izan da eta euskaldunen artean lidergoa mantendu du astero.

Igande honetatik aurrera, erronka berriari ekingo diote Zuhaitz eta Pagadik, herrietatik hirietara salto eginez. 'Herri Txiki' saioarekin alderatuta, hirietan girotutako saio honek berrikuntza batzuk ekarriko ditu. Izan ere, toki bakoitzeko pertsonaiak ezagutu eta elkarrizketatzeaz gain, hiri bakoitzeko topikoak ere landuko dira, hori bai, umorez eta orain arte sekula ikusi gabeko optika batetik kontatuta. Zuhaitzek eta Pagadik plato berezi bat izango dute horretarako. Herri txikietan baino pisu handiagoa izango du platoak, eta, horrez gain, Zuhaitzek eta Pagadik primerako laguntzailea izango dute bidelagun: Beñat Iturbe millenial gazte iruindarra. Hiri bakoitzeko konturik bitxi, nerd edota freakyenak bere eskutik eskainiko dira.

Aurrena, Bilbon

Bizkaiko hiriburua izango da Zuhaitzek, Pagadik eta Iturbek bisitatuko duten lehen hiria. Pagadik Bilbon eta Bizkaia osoan hain ohikoa den Begoña izenaren misterioak arakatuko ditu izen bereko emakume baten laguntzaz. Jonen eskutik, berriz, txikiteoan aritzearen bitxikeriak jasoko ditu. Esaterako, txikiteroak Bilboko lehen Gobernuz Kanpoko Erakundea izan zirela dio Jonek. Bestalde, Bizkaiko hiriburuak Ingalaterrarekin duen lotura uste baino handiagoa dela ere azalduko du Pagadik.

Zuhaitzek, bere partetik, Aneguria artista ezagutuko du, rap musika egiteaz gain, bere identitate propioa Bilboko auzoetan bilatzen duen artista. Txema Uriarterekin, aldiz, San Frantzisko auzoaren urte loriatsuak zer nolakoak izan ziren aztertuko du. San Frantzisko auzoa, auzo gorri izan zeneko urteak; jokoa, parranda eta glamourra alderik alde zerion garaia. Zorion Egileor aktore eta musikariaren eskutik, aldiz, Bilboko Aste Nagusiaren sorburu ia ahaztua ezagutuko du Zuhaitzek.

Beñat Iturbek, bestalde, Bilbori buruz sarean aurkitu dituen gauzarik freakyenak gerturatzeaz gain, Athleticen zalerik bitxienak erakutsiko ditu. Azkenik, Las Fellini taldearen emankizun batera joango dira Zuhaitz eta Pagadi.

Kontu hauek eta hainbat gehiago, igande honetan izango dira ikusgai, 'Herri City' saio berrian, eitb.eus-en eta ETB1en, 22:00etatik aurrera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos