Heriotzen ondokoak, 'Ur Handitan' saioan

Hurbileko norbaiten heriotzaren dolua nola bizi duten erakutsiko dute Bi aldeak atalean

"Heriotza baten ostean pertsona oro omen da ezberdina, gehienetan hobea". Horixe dio Iñaki Peña medikuak. Hala ere, heriotza guztiak ez dira berdinak eta badira, horien artean, onartzeko zailtasun handiagoa dutenak. Astelehen honetako 'Ur Handitan' saioak hainbat lekukotasun jaso ditu gaiaren inguruan.

Nestor Sangronizen familia bost kidek osatzen dute. Horietako bi, baina, hilda daude: Kepa eta Arene. Biek gaixotasun berdina izan zuten, eta bost urterekin hil ziren. Etxean gaixotasunak sortutako mina, heriotzen hutsunea eta hirugarren semeak sortutako ilusioa kontatu digu Nestorrek. Baita haren arreba Leire Sangronizek ere.

Bestalde, Silvia Gil eta Joxe Mari Paredes gurasoen historia ezagutu dugu. Jare alabaren etorrera ilusio eta zirrara izugarriz bizi izan bazuten ere, egun batean Silviak umea tripa barruan mugitzen ez zitzaiola nabaritu zuen. Nola kontatu espero zenuen alaba ez dela zuekin egongo? Jarerentzat prestatuta zegoen gela jaso zuten denbora igaro ostean, baina oraindik umearen beharra duela dio Silviak. Ahotsa urratzen zaie hainbatetan, baina orain pertsona hobeak direla uste dute.

Bittor Asteinzari aita batek inoiz jaso zezakeen albisterik tristeena eman zioten duela lau urte: "Ibontxuk leuzemia dauka". Hainbat tratamenduren ostean, Ibon familiak inguratuta hil zen etxean sei urte zituela. Iraiak bere neba bakarra galdu zuen. Baina hasierako tristura eta atsekabe horri aurre egiteko intentzioarekin, dolua irribarre handiz bizitzen saiatzen ari dira. Eta baita lortu ere!

Agustien semeak bere buruaz beste egin zuen 17 urte zituela. Josebak ez zeukan alerta egoerarik sor zezakeen inongo osasun arazorik. Ezustekoa izugarria izan zen familiarentzat. Gaur egun, oraindik ere, heriotza honen zergatiaren bila dabiltza etxean. Era berean, gizartea prebentzio lanaren garrantziaz jabetu arazi nahi dute, bere semeari gertatu zitzaiona beste inori gerta ez dakion.

Leire 34 urterekin alargun gelditu zen hiru seme-alaba txiki zituela. Dolua gainditzeko ia astirik gabe, bere bizitzarekin aurrera jarraitu behar izan zuen bere umeek aitaren galera hori gehiegirik sumatu ez zezaten. Bost urte beranduago, Zigor egunero du gogoan, baina Leire konturatu da gizakiek gaitasun oso handiak ditugula egoera berrietara moldatu eta aurrera egiteko, berak familiarekin egin duen bezala.

'Ur Handitan' asteartean, urriaren 17an, 22:30etik aurrera dago ikusgai ETB1en.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos