50. eta 60. hamarkadetan iritsitako etorkinen testigantzak, asteartean, 'Ur Handitan'

Jon Maia bertsolaria eta Fernando Morillo idazlea ere saioan izango dira, espainiar etorkinen seme dira eta/Fraile
Jon Maia bertsolaria eta Fernando Morillo idazlea ere saioan izango dira, espainiar etorkinen seme dira eta / Fraile

Integrazio prozesua nola bizi izan zuten galdetuko die Xabier Madariagak

Frankismo garaian, gerra ostean, 50eko eta 60ko hamarkadetan, Extremadura, Gaztela edo Andaluziatik milaka  etorkin  iritsi ziren Euskal Herrira, etorkizun hobe baten bila. Haien bizitza atzean utzi eta ezagutzen ez zuten lurralde batera iritsi ziren. Jendea, hizkuntza, paisaia? Dena zen berria haientzat. Mende erdi bat igarota, euskal gizartearen parte dira, baina nola bizi izan zuten integrazio prozesu hori? Zer nolako harrera egin genien euskaldunok? Estereotipoak eta aurreiritziak alde batera utzita, Frankismo garaian iritsitako etorkinen testigantzak jaso ditu 'Ur Handitan' saioak.

Meliton Rodriguez Extremadurako Quintana de la Serena herrian jaio zen. Sei urte zituela iritsi zen Azpeitira, ama eta neba-arrebekin batera tren bidaia luzea egin eta gero. Aita urtebete lehenago iritsi zen, eta familia etortzeko diru nahikoa aurreztu zuenean, tren bidaia ordaindu zien. Sanjuandegi auzoan beste etorkin batzuekin batera bizi izan ziren pisu batean; hamaika lagun guztira. Melitonek kalean ikasi  zuen euskaraz eta Zumaian ikusi zuen lehenengo aldiz itsasoa. Behin baino gehiagotan deitu zioten 'mantxurriano', baina ez da inoiz damutu Euskal Herrira etortzeaz. Gaur egun, azpeitiartzat du bere burua.

Melitonen bizipenak beste hainbat etorkinen antzekoak dira. Juli del Sol Cacereseko herri txiki batetik iritsi zen Errenteriara 1968an. 50 urte geroago malko artean gogoratzen du Caceresetik Errenteriara bidean Etzegarate mendatean gelditu ziren momentua: 'Mendi berdeak, baserriak ? Zer da hau? pentsatu nuen, mundu berri batera etorri naiz'. Juliren ustez, mundu berri hura ez zen erraza izan hasieran etorkinentzat, baina gaur egun Extremadurara ?oporretara bakarrik? doala nabarmentzen du.

Amparo Monroy eta Benito Sánchez Valladolidetik etorri ziren Goierrira eta Tolosaldera. Elkarrengandik oso gertu dauden bi herri txikitakoak dira, eta oso antzeko bizipenak dituzte, baina 'Ur Handitan' saioak elkartu dituen arte ez zuten elkar ezagutzen. Topaketa horretan emozio handiz hitz egin dute euskal gizartean egin duten ibilbideaz eta haien jaioterriko oroitzapenez.

Mercedes Carreira eta Manolo Varela galiziarrek, berriz, Bilbo aukeratu zuten helmugatzat. Masustegi auzoan ohikoa zen bezala, haien eskuz eraiki zuten etxea, eta 60 urte geroago hantxe jarraitzen dute. Iritsi zirenean, ur iturririk ere ez zegoen auzoan. Gaur egun, inolako zerbitzurik ez da falta. Hori guztia galiziar etorkinek egin dute. Mercedes Masustegiko Jubilatuen Elkarteko presidentea da gaur egun.

Jon Maia bertsolaria eta Fernando Morillo idazlea ere espainiar etorkinen semeak dira, eta Ur Handitan saioan gogoeta egin dute haien familien jatorriari buruz eta horrek haien bizitzan izan duen eraginaz.

Espainiar etorkinen testigantzak, beraz, astearte honetan, apirilak 3, 22:30ean, ETB-1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos