'Go!azen Basakabira' saioak barrutik erakutsiko ditu casting-ak

Castingeko partaideen probak, entseguak, emozioak, pozak eta etsipen uneak bilduko ditu saioak.

Ostiral honetan hasita, lau emanaldi eskainiko dira 'Go!azen' estreinatu aurretik

'Go!azen' saioak sorpresa atsegina eman zuen aurreko denboraldian. Hamar atal arrakastatsuren ondoren, telesaila antzezlan bilakatu zen, eta Euskal Herritik barrena eskainitako emankizunetan agortu egin ziren sarrerak.

Pausoka ekoiztetxeak 13 atal berri grabatu ditu ETBrako aurtengo udan, baina estreinatu aurretik, azaroaren 3an eta atariko giroa berotzeko, lau saio berezi eskainiko ditu ETBk. 'Go!azen Basakabira' berezietan telesaileko protagonistak aukeratzeko casting prozesua izango dute ardatz.

Bi deialdi jendetsu egin ondoren, saioak hiru hautagai onenak aukeratu zituen 'Go!azen'en, eta lau protagonista berrietako hiru lortu zituen casting horietan. Hartara, saioak castingeko partaideen probak, entseguak, emozioak, pozak eta etsipen uneak bilduko ditu.

Ainhoa Aierbe 'Go!azen'eko aktore zuzendaria, Ylenia Baglietto koreografo eta aktorea, eta Alex Sardui musikaria arduratu dira 'Go!azen' saioan aktore izateko probetara aurkeztu diren hautagaiak aztertzeaz. 'Go!azen'eko aktoregaiok iazko denboraldiko protagonistekin ere egongo dira harremanetan.

Saioak pertsonaia berriak nola aukeratu dituzten kontatuko du astero. 'Go!azen'eko protagonista berriak bilakatzeko probak erakutsiko dituzte.

Halaber, pertsonaia bat izatea lortuko duen aktorea nor den jakin ondoren, honek telesailaren produkzio aurreko sekretuak kontatu eta Basakabiko lehen egunean bizitakoak azalduko ditu.

Aste honetan, Nikole

Aste honetako saioan Nikoleren papera lortzeko hiru hautagai finalisten probak erakutsiko dituzte: Leire Urkijo, Amaia Aberasturi eta Nerea Mazo.

Nikole pija, harroa eta kaskarina da. Garrantzi handia ematen dio itxurari, eta jende guztia bere inguruan ibili behar dela uste du. Familia dirudunekoa da eta txikitatik eskura izan du nahi izan duen guztia. Berekoia da, azkarra eta manipulatzailea, baina interesatzen zaionean ezjakinarena eta inuzentearena egiten du. Goranahia eta zuria da, irakasleen aurrean zintzoarena egiten du eta besteak gaizki uzten ditu. Berea egin nahi du beti, eta ez du kontrako iritzirik onartzen, ezta bere asmo bihurriak oztopatzerik nahi ere. Bere onetik ateratzen da norbaitek berak baino protagonismo handiago badu. Bere lagunik onenak, Lorek, bihurrikeriak egiten lagunduko dio.

'Go!azen Basakabira', ostiraletan, 21:00etan, ETB1en.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos