Gipuzkoatik kanporatu zituzten emakumeen istorioak

Kartelaren irudia.

'Ama, nora goaz?' dokumentala estreinatuko du astearte honetan ETB1ek

Astearte honetan, ETB1ek 'Ama, nora goaz?' dokumentala estreinatuko du telebistan. Gerra Zibileko gertaera beltz baten protagonista izandako emakume anonimoak izango dira dokumentalaren ardatz, euren etxeak atzean uztera behartuak izan ziren Gipuzkoako emakumeak, hain zuzen ere.

1937ko neguan Gipuzkoako 14 herritako 1.000 emakume kanporatu zituzten. Errepublikaren alde frentean borrokan ari ziren gizonen emazteak ziren, abertzaleak eta errepublikazaleak. Haien etxetatik bota zituzten, eta seme-alabak besoetan norabide jakinik gabeko bidaia hasi zuten. Kamioiez, oinez ala itsasontziz, baina beti ere bando frankistaren bonbetatik ihesi. Hilabete eta urte luzeetako bidaiaren ondoren etxera itzultzea lortu zuten batzuk. Beste batzuk ez ziren inoiz itzuli.

80 urte geroago exodo horren protagonista izan ziren emakumeei eta haurrei hitza emango die Ama, nora goaz? dokumentalak. Herriz- herri haien testigantzak jasoko ditu, eta urte hauetan guztietan barruan gordeta izan dituzten bizipenak azalarazteko aukera emango die.

Gerra istorio honetako protagonista bakarrak emakumeak izango dira eta haien kontakizuna hunkigarria izango da, emozioz beterikoa. Horien artean, honako emakumeen istorioak entzungo ditugu: Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Libe Balenciaga, Agate Sodupe, Itziar Sagarzazu, Tere Larrar, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain eta Anita Usiain. Hauetaz gain, bi aktoreen partaidetza izango dute: Barbara Rivasek, eta Esther Remirok.

'Ama, nora goaz'? dokumentala astearte honetan izango da ikusgai, 22:15ean ETB1en.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos