Gimnasia erritmikoko hiru irakasleren omenez

Jaione Tejedor, Naiara Crujeiras eta Laura Molinos omenduko dituzte 'Asko Maite Zaitut' saioan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Jaione Tejedor, Naiara Crujeiras eta Laura Molinos omenduko dituzte 'Asko Maite Zaitut' saioan gaur. Donosti Club Gimnasia Erritmikoko irakasleak dira Jaione, Naiara eta Laura. Gazte-gaztetatik daramate zainetan gimnasia erritmikoaren harra. Bospasei urte eskas zituztela hasi ziren baloia, zinta eta uztaia eskuetan zutela itzulipurdiak eta jauziak egiten, eta 130 gaztetxoen irakasle dira egun.

Orduak eta orduak, ia bizitza osoa, eskaini diote Donosti Klubari, eta, horregatik, omenaldia egin nahi die taldeak. Taldearen izenean, Teresa Santos eta Naroa Perez izango dira omenaldiaren bultzatzaile nagusiak.

1988. urtean sortu zen taldea, eta ordutik ibili da Teresa bertan, hamaika zereginetan. Naroa Perezek, berriz, 17 urte ditu, eta Espainiako hainbat txapelketa irabazi ditu bakarka zein taldeka. Lehen mailako titulua lortu berri du, eta taldeko gimnasta aipagarrienetakoa da.

Horrez gain, Iker Murillo 38 urteko pasaitarrak ere parte hartzen du omenaldian. Ballet dantzari profesionala izan da Iker, eta, besteak beste, Zuricheko Balleteko dantzari bakarlaria, 10 urtez.

Gaur egun, Donosti Klubeko ballet zuzendaria da. Naiararen koinatua izateaz gain, Laurarekin eta Jaionerekin ere eguneroko harremana dauka, eta ondo baino hobeto ezagutzen du hiru omenduen ibilbide artistikoa eta balio profesionala.

Taldekoena ez ezik, senitarteko eta lagunen iritziak ere bilduko dituzte omenduak hobeto ezagutzeko, hauek ere parte hartuko baitute: Ainhoa Grandes, Jaioneren izeba; Ainhoa Molinos, Lauraren ahizpa; eta Elaia Paz, Naiararen laguna. Gure omenduak nolakoak diren kontatuko digute hirurek.

Omenaldi ikusgarria izango da, Donostiako Konstituzio plaza tapiz erraldoi batekin estaliko dute, eta asteetan zehar prestatzen aritu diren koreografia berezia eskainiko diete euren ikasleek omenduei.

'Asko Maite Zaitut' 22:00etan izango da ikusgai, gaur, ETB1en.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos