Garmendia-Lasatarrak 'Sagak' saioan

Karmen Garmendia, artxiboko argazkian./MIKEL FRAILE
Karmen Garmendia, artxiboko argazkian. / MIKEL FRAILE

Mari Karmen Garmendia Lasa Eusko Jaurlaritzako lehen emakume bozeramailea eta Elixabete Garmendia Lasa euskal kazetari ezaguna izango dira protagonista nagusiak

Asteazken honetako 'Sagak' saioan, bidegile izan den familia bat ezagutuko du Kike Amonarrizek. Azken hamarkadetan Euskal Herrian mugarri izan diren gertaerak bizitzeko aukera izan duten bi emakume izango dira protagonista: batetik, Mari Karmen Garmendia Lasa, Eusko Jaurlaritzako lehen emakume bozeramailea, eta, bestetik, Elixabete Garmendia Lasa, euskal kazetaritzako aitzindarietako bat eta Zeruko Argia aldizkariko zuzendari izandakoa.

Saga ikertzen eta arakatzen ibili ondoren, Garmendia-Lasatarren familia hobeto ezagutzeko hainbat bidelagun izango ditu saioak: Ramon Garmendia, sagako kide zaharrena, Elixabete eta Mari Karmenen osaba; Juli, Arantxaxu eta Itziar, Elixabete eta Mari Karmenen ahizpak; Mikel Azpiroz, Mari Karmenen semea eta musikari ezaguna, eta Estitxu Eizagirre, Argia aldizkariko zuzendaria.

Ormaiztegin jaioak biak, haientzat oso berezia den herriko Zumalakarregi Museoan egingo die hitzordua Kikek. Ordubetean zehar, kultura, kazetaritza, politika eta euskaltzaletasuna izango dute ardatz.

Topaketan, haien gertukoak ere izango dituzte, eta sorpresa eta une hunkigarriak utziko dizkigute. Alde batetik, Aloña Garmendia Lasak, zazpi anai-arreben artean gazteena, Mari Karmen eta Elixabeterekin batera, gaztaroko kontuen berri emango dio Kikeri. Bestetik, Iñaki Zarraoa politikariaren bisita jasoko dute, Mari Karmen eta Elixabeteren koinata, Arantxaxu Garmendairen senarra. 1991 eta 1999 urteen bitartean, Euskal Irrati Telebistako zuzendaria izan zen. EiTBren gaur egungo egoeraz egingo dute hausnarketa, besteak beste.

Amaitzeko, Jose Antonio Ardanza lehendakaria ere izango dute saioan gonbidatu. 1985etik 1999ra Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen. Agintaldiko hamalau urte horietan, Mari Karmen Garmendia izan zuen lankide eta bidaide.

'Sagak' saioaren azken atala asteazken honetan izango da ikusgai 22:30ean ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos