Formak, formazioa eta dantza

Trokelgintza formazioa eta inprimagailuekin egiten ari diren berrikuntzak eta proiektuetan sakonduko du 'Teknopolis' saioak

Zerbaiti forma ematea arte bat da. Industrian, esaterako, trokelgintzaren ofizioaren artea gal ez dadin, lanbide-heziketako ikasleei formakuntza eskaintzen zaie GTI-Gestamp zentroan, Boroan. Formakuntza teorikoa eta praktikoa da eta aste honetako 'Teknopolis'ek bertatik bertara ezagutuko du zentroa.

Hango ikasleek, gainera, benetako produkzioan ere egiten dute lan Gestamp-Deusto enpresan praktikak eginez. Izan ere, trokela teknika berria ez den arren, eraginkortasunik ez du galdu pieza batzuei forma emateko, esate baterako autoen kapotak egiteko.

Beste pieza mota batzuei forma emateko aukera berriagoak ere badaude. Egun, forma emateko teknologia modakoena 3D inpresioa da. Oraingoz material batzuetara mugatuta dago, baina Mondragon Unibertsitatean konpositezko piezak egin nahi dituzte 3D inprimagailua erabiliz, piezaren propietateak hobetzeko eta automobilgintzarako funtzionalak izan daitezen, esaterako. Proiektu honetan, autoaren kolpe-leungailuaren euskarri bat da fabrikatu nahi dutena. 'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai 12:00etan ETB1en eta igandean, 13:30ean ETB2n.

Bizkaiko dantzarien erakustaldia

Gauean, 22:45ean, 'Oholtzan' saioan, Bizkaiko Dantzari Eguna izango da ikusgai. Ilaski Serranok aurkeztutako saioak Bilboko hirigunean ospatu zen ekitaldia eskainiko du bere osotasunean. Izan ere, igandez Bilboko hirigunean ospatutako ekitaldiak inoiz baino partaidetza handiagoa izan zuen: 80 dantza taldeetako 3.500 dantzarik parte hartu zuten eta euskal folklorearen dantza ezagunenen erakustaldia egin zuten Bilboko Gran Via kalean.

Ilaski Serranok aurkeztuko du saioa, eta Luisma Laboa kazetariak kalean bizi izan zen giro ezinhobea jasoko du bertatik bertara. Besteak beste, hainbat dantzarirekin eta Jose Mari Oiarzabal Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko lehendakariarekin elkarrizketak eskainiko ditu Laboak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos