San Fermin jaiei jarraipen berezia, EiTBn

Iazko txupinazioaren aurreko irudiak. / AFP

Txupinazoa EiTBko hedabide guztietan jarraitu ahal izango da zuzenean, eta aste osoan zehar saio bereziak eskainiko dira

Euskal Irrati Telebistak ostegun honetan hasiko diren San Fermin jaien jarraipen zabala egingo du. Jaiei hasiera emango dien Txupinazoa zuzenean jarraitu ahal izango da EiTB taldeko hedabide guztietan, eta astean zehar, zuzeneko konexioak eta saio bereziak eskainiko dira. Gainera, EiTBko irratiek zuzenean emango dute egunero entzierroa. Bestalde, urtero legez, San Fermin pilota eta erremonte torneoak ikusgai izango dira ETBn eta eitb.eus-en.

Txupinazoak emango die hasiera San Fermin jaiei uztailaren 6an, eguerdiko 12etan. ETB1ek eta eitb.eus-ek 11:15ean egingo dute bat Iruñeko Udaletxeko plazarekin, ekitaldia zuzenean eskaintzeko. Urtero bezala, Aritz Agirrek eta Ilaski Serranok egingo dute emanaldiaren gaineko kontakizuna; Aitor Perezek, berriz, kaleko giroaren berri emango du.

Gainera, ETB1ek eta eitb.eus-ek San Fermin jaiak agurtuko dituen 'Gaixoa Ni' ekitaldia eskainiko dute zuzenean uztailaren 14ean, 23:30ean. Aitor Perez eta Ainhoa Irazusta izango dira esatariak.

Horrez gain, Ilaski Serranok aurkeztuta, 'Sanferminak 2017' saioa izango da ikusgai ETB1eko gauetan: ostegunean, larunbatean eta igandean. Saioak eguneko momenturik onenak bilduko ditu eta ondoren emanaldi berezi bat eskainiko du.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek eta ETB2ko 'Ahora Verano' saioak ere gertutik jarraituko dituzte jaiak egunero.

Ostegunean, uztailak 6, ETB1en, 22:20etik aurrera, Ilaski Serranok txupinazoak Iruñean utzitako irudirik onenak erakutsiko dizkigu, eta egunaren errepasoa egin ondoren, 'Sanferminetako Kantu Zaharren Bazkaria'z gozatzeko aukera izango dugu. Iruñeko Baluarte jauregian Anjel Mariezkurrena kantariak antolatutako herri bazkarian izandako giro bikaina izango dugu ikusgai. Bertan, Euskal-Herri osotik etorritako kantari eta kantu zaleek gure betiko euskal abestiak kantatuko dituzte herri bazkari giro zoragarrian.

Larunbatean, uztailak 8, Ilaski Serrano Lesakan egongo da eta bertako Sanferminetako giroa ekarriko digu egunak utzitako irudi onenekin. Ondoren, Sanfermin jaietan ere nagusi izaten diren jota doinuez gozatzeko aukera izango dugu. Oraingoan, Tafallako jota jaialdira eramango gaitu Ilaski Serranok. Tafallako jota eskolatik pasatako kantari onenek nafar joten jaialdi bikaina eskainiko digute. Hori guztia, larunbatean, 21:00etatik aurrera, ETB1en.

Igandeko saioan, uztailak 9, Ilaski Serranok asteburuan Iruñean izandako giroa nolakoa izan den erakutsiko digu, eta horretarako, irudi eta momentu onenen laburpen bat eskainiko digu di-da batean. Ondoren, jai hauetan ere nonahi entzuten diren trikiti doinuak ekarriko dizkigu, kasu honetan, Altsasuko Iortia kultur gunean ospatutako Nafarroako III Trikiti Jaialdiarekin. Jaialdi honetan, trikitiaren tradizioa bizirik mantentzen duten familiak ikusiko ditugu jotake trikiti eta panderoekin, besteak beste, Narbarte anai-arrebak, Laja aita-semeak edota Lasa ahizpak. Hau guztia igandean, ETB1en, gaueko 21:00etatik aurrera.

San Fermin Txapelketak

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute ostiral honetan Labrit pilotalekuan 11:30etik aurrera Aimar Olaizolaren eta Jokin Altunaren artean jokatuko den Lau T'erdiko San Fermin Txapelketako finala. Berebat, larunbatean hasiko den binakako eta erremonteko torneoak ere ETBn eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango ditugu. Binakako finala hilaren 14ean jokatuko da Labriten eta erremontekoa hilaren 11n Uharten.

Sanferminak EiTBko irratietan

EiTBko irratiek, Iruñetik bertatik, zuzeneko saioak eskainiko dituzte Sanferminetan. Gaztelu Plazan jarriko duten set berezian, txupinazoaren egunean, uztailaren 6an, Gaztea arituko da bertatik zuzenean. Euskadi Irratiak goizeko 'Faktoria' saioa egingo du bertatik uztailaren 7an, San Fermin egunean, eta Radio Euskadik eta Radio Vitoriak 'Por la Sombra' saioa bertan egingo dute larunbatean, uztailaren 8an.

Horrez gain, Txupinazoaren zuzeneko emanaldia egingo dute uztailaren 6ean Radio Euskadik, Euskadi Irratiak, Radio Vitoriak eta Gazteak. Goizeko 11:45etik 12:15era Udaletxe plazan bizi den giroaren berri emango dute eta eguneko protagonistekin egoteko aukera izango dute.

Bestalde, egunero entzierroak emango dituzte zuzenean EiTBko irratiek. Euskadi Irratirako, Eli Eraso, Aritz Agirre eta Iñaki Elorza arituko dira, eta Radio Euskadi eta Radio Vitoriarako Satur Leoz eta Mikel Donazar. Aipatzekoa da gainera, La Pamplonesa bandaren dianak egunero emango dituela Euskadi Irratiak zuzen zuzenean goizean goizetik.

Horretaz gain, irratietako magazine guztietan konexio zabalak izango dituzte festak irauten duen egun guztietan Iruñean bertan ariko diren lankideekin, bertako giroaren berri emateko.

Atari berezia eitb.eus-en

EiTBren web atariaren bitartez Sanferminetako emanaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango ditugu. Halaber, Iruñeko jaietako albiste, argazki eta bideo guztiak eskuragai izango ditugu bertan, noiznahi eta nonahi kontsultatzeko prest.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos