San Fermin bukaerako 'Gaixoa Ni', zuzenean

San Fermin bukaerako 'Gaixoa Ni', zuzenean
AFP

Aitor Perez eta Ainhoa Irazusta kazetariek egingo dute emanaldiaren kontakizuna ETB1en eta eitb.eus-en

Ostiral honetan, uztailak 14, ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Sanfermin jaiei bukaera emango dien 'Gaixoa Ni' ekitaldia.

Gaueko 23:30etik aurrera, Aitor Perez eta Ainhoa Irazusta kazetariek zuzenean egingo dute emanaldiaren kontakizuna eta Iruñeko udaletxe plazan gertatzen den guztiaren berri emango dute. Bertaratuko diren herritarrek Gaixoa ni kantatuz emango diete bukaera aurtengo Sanferminei, eta Iruñeko alkateak, Joseba Asironek, udaletxeko balkoitik botako duen azken mezua ere zuzenean izango da ikusgai.

Horrez gain, aurtengo San Fermin jaiek utzitako irudi onenen bilduma eskainiko du saioak, aste osoan zehar izan den giroa laburbilduz eta entzierroez gain egon diren beste ekitaldi eta momentu aipagarrienen errepasoa eginez.

Pilota ere, Iruñeatik

Bestalde, Bengoetxea VI-Beroiz eta Ezkurdia-Rezusta arteko Binakako San Fermin Torneoko finala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek Labrit pilotalekutik zuzenean arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Jaialdia Retegi Bi-Jaunarena / Victor-Etchegoin norgehiagokarekin hasiko da eta finalaren ostean Arretxe II-Salaverri eta Elordi-Irusta izango dira aurrez aurre. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute emanaldiaren kontakizuna zuzenean.

Horrez gain, ETBek eta eitb.eus-ek Frantziako Tourraren hamahirugarren etaparekin bat egingo dute. Frantziako egun handian, 100 kilometroko etapa laburrari aurre egin beharko diete txirrindulariek, lehenengo mailako hiru mendaterekin: Col de Latrape, Col d'Agnes eta Le Mur de Peguere. Emanaldia 14:30ean hasiko da ETB4n eta 15:00etan ETB1era pasako da, Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxearen kontakizunarekin. Emanaldia osoa eitb.eus-en ere izango da ikusgai.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos