Falta dituzten haurren bila dabiltzanen testigantzak

'Jaioberrien arrasto galduak' atala eskainiko da 'Ur Handitan' saioan

'Jaioberrien arrasto galduak' eskainiko du astearte honetan 'Ur Handitan' saioak. Duela bost bat urte, 'haur lapurtuen' afera pil-pilean egon zen Euskal Herriko hedabide guztietan. Trama hitza denen ahotan zegoen, politikarienetan barne. Hori dela eta, 2012an Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde bana sortu zuten ustezko haur lapurtuen kasuak ikertzeko; hala ere, ez zen ondorio argirik atera. Denbora pasatu ahala, salatutako kasuak ahaztu egin ziren. Kasu gehienak itxi egin dira froga faltagatik. Hala ere, familia askok bila jarraitzen dute.

Andone Elizondo errenteriarrak, 1983an, zazpi hilabeteko haurdun zegoela, auto istripua izan zuen. Zazpi hilabeteko haurra ospitaleko larrialdietan jaio zen. Haurra ondo zegoela esan zioten hasieran, baina, handik gutxira, ordea, hil egin zela. Bi urte geroago, istripuaren inguruko epaiketan, abortua izan zuela irakurri zuen dokumentuetan. Polloeko hilerrira joan ziren gorpuaren bila, baina han ez zegoen umearen arrastorik.

Marian Zubia Oriokoa da, eta oraindik ez daki zeintzuk diren bere guraso biologikoak. Adopzioko gurasoak hil arte itxaron zuen bilaketa hasteko, adopzioaren gaia tabu handia baitzen familian. 15 urtez luzatu da bilaketa, baina ez da erraza izan. DNA probak egin, bere adopzioko gurasoen ingurukoen testigantzak bildu eta bere jaiotzari buruzko hainbat datu eta idatzi aurkitu ondoren, berak argi du: 'haur lapurtua' da. Azaldu duenez, halako beste ehunka kasu daude Euskadin, eta guztiak ondo antolatutako trama baten biktima direla uste du Marianek.

Mari Carmen Muniozguren markinarrak Rakel izeneko alaba izan zuen Bilboko Ginecoyatreo ospitalean, 1973. urtean. Hasiera batean, osasuntsu jaio zen, baina, zortzi hilabeterekin jaio zenez, inkubagailura eraman behar zutela esan zieten. Inkubagailura eraman bai, baina ez zen inoiz itzuli. Asfixiaz hil zela esan zieten. Ez zieten gorpua erakutsi, eta klinikak berak bere kabuz antolatu zuen ehorzketa. Alaba Derioko hilerrira eraman zuten. 2011n, ordea, antzeko historia zuten beste pertsona batzuen testigantzak ikusi zituzten Mari Carmenek eta Rakel alabak. Eta ahizparen izen bera duen alaba gazteena kasua ikertzen hasi zen. Euren kasua irregulartasunez beteta zegoela ohartu ziren, eta epaitegian salatu zuten, baina itxi egin zuten froga faltagatik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos