Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren 15 urteen inguruko erreportajea

Besteak beste, Garazi Torrealdairen, Miren Amurizaren, Martxelo Otamendiren eta Iñaki Uriaren testigantzak biltzen ditu ETB 1en emango den ikus-entzunezkoak

15 urte betek dira otsailaren 20ko goizaldean Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituztenetik. Gertakaria guztiok ezagutu genuen, baina ez atxilotuen etxeetan gertatu zena. Astearte honetan erreportajea eskainiko da ETB1en eta erreportaje honetan puzzle horren pieza batzuk ezagutuko ditugu, guztiak bihotzetik kontatuta.

Garazi Torrealdai, Joan Mari Torrealdairen alaba da, eta Miren Amuriza Berria-ko kolaboratzailea. Biak jaio ziren Euskaldunon Egunkaria sortu zuten urte berean, eta biek gertutik bizi izan zuten haren itxiera ere.

Torrealdai familiak etxeko ateak parez pare ireki dizkigu. Joan Mariren bizipenak gertutik ezagutzeaz gainera, garai hartan 10 eta 12 urte zituzten seme alabak, Garazi eta Manex, ezagutuko ditugu. Euren "bizitzako esperientzia okerrena" izan zela esan dute, euren bizitza "markatu" zuela. Joan Mari Torrealdairen psikiatraren, Imanol Kerejetaren, testigantza ere jasoko dugu.

Horrez gain, Martxelo Otamendik eta Iñaki Uriak inkomunikazio garaia nola bizi izan zuten kontatu digute. Otamendik emakume batekin izandako pasarte bat kontatu digu malko artean: "emakumeak esan zidan sentitzen dut asko zu torturatu izana, baina nire alaba torturatu zuten eta inork ez zion kasurik egin, balio izan du beste batzuei sinesteko".

Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren atzean beste helburu batzuk zeudela diote auzipetu guztiek. Eta argi esan dute bertako herritarren eta jende esanguratsuaren aldetik jaso duten babes eta maitasuna handia izan dela.

Itxiera horren ostean, hurrengo egunean, Egunero izeneko egunkari bat kaleratu zuten bertako langileek. Gero, Berria sortu zuten. Zein izan da 15 urteotan Berria-k eta gainerako euskal hedabideek izan duten bilakaera? Miren Amuriza bertako kolaboratzaile da egun. Eta ohore moduan bizi du hori.

Iñaki Soto Gara-ko zuzendariarekin, eta Xabier Letona, Estitxu Eizagirre eta Bego Zuza Argia-ko langileekin ere elkartuko dira. Egunkaria-ren itxieraren ostean sortutako 'Zaindu maite duzun hori' abesti ezagunaren egilearekin, Ruper Ordorikarekin, ere izan dira. Abestiak dioen bezala, euskaldun izatea nekeza badela dio, baina dohain bat ere badela.

'Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta ondorengo 15 urteak' asteartean dago ikusgai ETB1en, 22:30ean.

Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, 'Ahoz Aho+' saioak Egunkaria-ren itxieraren inguruko mahai-ingurua eskainiko du. Saioa Martijak aurkeztuta, Eneko Etxeberria EHUko zuzenbide irakaslea, eta Elixabete Garmendia, Idurre Eskisabel eta Teresa Toda kazetariak bilduko ditu saioak 23:15etik aurrera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos