Audientzia datu onekin itxi du urtea ETBk

Audientzia datu onekin itxi du urtea ETBk
Fotolia

ETBko albistegiek euren lidergoa sendotu dute, eta bai 'Teleberri' zein 'Gaur Egun' saioek 2016an baino datu hobeak izan dituzte

ETB taldeak %11,1eko audientzia zatiarekin itxi du 2017, eta iazko emaitzekin alderatuta, lau hamarren igo da. ETBko bi kate nagusiek euren datuak hobetu dituzte: ETB1ek %2,0ko audientzia zatia lortu du, 2016an baino hamarren bat gehiago, eta ETB2k %7,8ko kuota izan du, aurreko urtean baino puntu erdi gehiago. ETB3k %0,5ko audientzia zatia eskuratu du, eta ETB4k, berriz, %0,8.

Bestalde, ETBko albistegiek lidergoa sendotu dute 2017n. 'Teleberri' albistegirik ikusiena izan da %17,4ko audientzia zatiarekin, eta 221.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du Euskadin eta eragin eremuan. Halaber, 2016an lortutako datua hiru hamarren hazi da aurten. ETB1eko 'Gaur Egun' albistegiak ere joan zen urteko datua gainditu du eta %3,1eko audientzia zatia lortu du, pasa den urtean baino bost hamarren gehiago. Euskaldunen artean %7,3ko kuota izan du.

Gabon zaharreko bereziak

ETBk Mundakako Santa Katalina baselizatik eman zion ongi etorria urte berriari, eta zuzeneko emanaldiak arrakasta handia lortu zuen. 'Kaixo 2018' saioa ETB1 eta ETB2 kateetan aldi berean emititu zen, oro har %14,8ko audientzia zatia eskuratuz eta euskaldunen artean %21,8ko kuota. Mikel Pagadik, Zuhaitz Gurrutxagak eta Sara Gandarak aurkezturako saioak 237.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Orobat, harrera ona izan zuten kanpaien aurretik eta ondoren eskaini ziren saio bereziek. Hartara, ETB2ko '¡Se Acabó 2017!' gauerdiaren aurretik emandako saioak %11,5eko audientzia zatia izan zuen, eta 242.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Halaber, ETB1en Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako 'Herri Txiki Erlojuaren Kontra' tarteak audientziaren %4,7a lortu zuen eta, euskaldunen artean, berriz, %6,2ko kuota.

'Go!azen 2018' saio bereziak eman zion segida festari, %9,4ko audientzia-zatiarekin. 'Go!azen' telesail arrakastatsuaren aktoreek euskal abesti ezagunen moldaketak eskaini zituzten, kanten jatorrizko abeslariekin batera. Saioak publiko euskaldunaren %18,6ko kuota lortu zuen.

Bestalde, Lehendakariaren urte amaierako mezuak %22,4ko audientzia eskuratu zuen ETB1 eta ETB2 batuta. ETB2n 'Teleberri' saioaren barruan eskainitako mezuak %20,1eko audientzia zatia izan zuen eta 146.000 ikus-entzulek bat egin zuten saioarekin EAEn eta eragin esparruan. ETB1eko emanaldiak, berriz, %2,3ko audientzia zatia izan zuen, eta euskaldun artean %6,3ko kuota.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos