ETAren desagerpenaren ondorengo elkarbizitzaz, 'Ur Handitan' saioan

Horixe izango da hurrengo bi saioetako gaia, 'Elkarri begira' izenburupean

ETAren desagerpenaren ondoko elkarbizitza izango da hizpide 'Ur Handitan'eko hurrengo bi saioetan. Lehenengo atala maiatzaren 8an izango da; bigarrena, maiatzaren 15ean.

ETAren ibilbidea amaitu da, eta 'Ur Handitan' saioa Errenteriara joan da berri historiko hori nola hartu duten ezagutzera. Errenteriak iragan gogorra izan du: dozenaka atentatu, hildako, zauritu, atxilotu, torturatu... Aztarna mingarri hori lepoan eraman arren, ordea, herri aitzindaria izan da elkarbizitza eraikitzeko ekimenak antolatzen. Horregatik, elkarbizitzaz mintzatuko dira 'Ur Handitan'eko hurrengo bi saioetan parte hartuko duten lagun guztiak.

Protagonistetako bat Naiara Zamarreño izango da. ETAk hildako Manuel Zamarreño Errenteriako PPko zinegotziaren alaba da Naiara. 14 urte zituen bere aitaren kontrako atentatua izan zenean. Gaur egun, 34 urte ditu, ama da, eta barne prozesu luze baten ondorioz bere esperientziaz hitz egiteko prest azaldu da.

Julen Mendoza alkatea ere elkarrizketatuko du Xabier Madariagak. Mendozak elkarbizitza eraikitzeko ekimenak sustatu ditu, eta prozesu hori nola landu den kontatuko du. 2017ko uztailean ETAk hildako PPko zinegotzien senideei «barkamena» eskatu zien publikoki Mendozak, eta «bestearen azalean jartzeko irudimena falta» izan zela onartu zuen EH Bilduko lehen ordezkaria izan zen. Ekitaldi horren ondoren, Mendoza eta Zamarreño elkarrengana hurbildu ziren, eta 'Ur Handitan'en haien esperientziak elkarrekin konpartituko dituzte.

Beste protagonista bat Xabier Oleaga kazetaria izango da. Egin-eko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariordea izan zen Oleaga. 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako operazioan, atxilotu egin zuen Guardia Zibilak Errenteriako bere etxean. ETAri laguntza ematea leporatu zioten. Oleagak torturak salatu zituen. Zazpi urte geroago, 2010ean, errugabe izendatu zuten.

Jose Angel Rodriguez PSE/EE udal taldeko bozeramaile eta zinegotziak, berriz, Errenteriako Herriko Etxean (Casa del Pueblon) bizi izan dituzten 27 erasoak gogoratuko ditu. Rodriguezek elkarbizitzaren aldeko elkarrizketetan hartu du parte.

Mikel Ugalde (Errenteria, Gipuzkoa, 1940) euskaltzale eta kultur eragilea izango da saio honetako beste partaide bat. Bakearen Aldeko Taldearen sustatzaileetako bat izan da Errenterian Ugalde.

Imanol Aizkorreta iheslari ohiarekin ere izango dira. 64 urte ditu eta Zamalbide Ikastetxeko irakaslea da. 1983an, bortizki torturatu zuten, eta gertaera horrek bere bizitza markatu zuen. Iparraldera egin zuen ihesi, eta 20 urtez bizi izan zen Errenteriatik kanpo. 2003an itzuli zen.

Horiekin guztiekin batera, Errenteriako beste lagun batzuk ere azalduko dira saioan: 10 urte zituela ETAren lehergailu baten ondorioz hankarik gabe gelditu zen Alberto Muñagorri eta Juan Carlos Merino alkate ohia, besteak beste.

Errenteriatik abiatuta, beraz, Euskal Herriko errealitate berria, maiatzaren 8an eta 15ean, 'Ur Handitan' saioan, 22:30ean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos