ETAren armagabetze prozesuari buruzko saioa, ETB1en

ETAren armagabetze prozesuari buruzko saioa, ETB1en

Armagabetze prozesua gidatu zuten pertsona eta erakundeen ordezkariekin arituko da Xabier Usabiaga kazetaria, gakoak ulertu eta hurrengo pausoak zeintzuk diren aztertzeko

ETB1ek Xabier Usabiagak aurkeztutako 'Irtenbidearen bila' saioa eskainiko du ostegun honetan. ETAren armagabetze prozesua gidatu duten pertsonekin arituko da eta politikoki blokeatuta zegoen egoera nola desblokeatu duten ulertzeko gakoak eskainiko ditu saioak. Bakearen artisau deiturikoen esku egon ziren, iazko apirilaren 8an, ETAren armategiak zeuden lekuen koordenadak. Baina zeintzuk dira ezizen horren atzean dauden pertsonak? Zein da euren egunerokoa? Eta zer behar sentitu zuten egunerokoa utzi eta armagabetze prozesuaren gidaritza hartzeko? Bake artisauen artean ezagunenak, Mixel Berhokoirigoin eta Txetx Etcheverry dira, eta biekin izan da Xabier Usabaiga.

Egun gutxi barru Luhusoko atxiloketen lehenengo urteurrena beteko da. Berhokoirigoin eta Etcheverry bertan atxilotu zituzten, ETAren armak neutralizatzear zeudela. Etxe hartan egongo da saioaren lantaldea, armak egon ziren gelan, inoiz kamera bat sartu ez den lekuan. Etxeko jabea, Beatrice Molle, ezagutuko dute eta etxea bake artisauei alokatzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren azalduko du.

Horrez gain, apirilaren 8ko armagabetze egunean, armak zeuden zortzi zulo horietako batera joango da osteguneko saioa, egun hartan bertan egondako herritar batekin. Haren eskutik egun hartako bizipenetara hurbilduko dira.

Azken orduko gertaerei jarraipena ere egingo die saioak, eta horregatik, Parisko manifestazioa ere saioan presente egongo da Nerea Reparaz ETBko kazetariaren eskutik.

Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izan dela nabarmenduko dute guztiek, baina erakundeen esku hartzeak ere garrantzia izan du. Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoen papera zein izan den jakiteko, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohirekin arituko da Xabier Usabiaga. Bake artisauekin eginiko bilerak, eta izandako adostasun eta ezadostasunen berri emango dute.

Amaitzeko, prozesua gertutik bizi izan duten Ihintza Arrieta, Allande Boutine eta Enekoitz Esnaola kazetariekin izango dira, eta azken urtean gertatutakoa aztertu eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren azaltzen saiatuko dira.

'Irtenbidearen Bila' ostegun honetan izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos