EiTBk jarraipen zabala egingo dio Durangoko Azokari

EiTBk jarraipen zabala egingo dio Durangoko Azokari

Bertan aurkeztuko diren nobedade guztien berri emango dute Azokak irauten duen egunetan

EiTBk jarraipen berezia egingo dio abenduaren 6tik 10era ospatuko den Durangoko Azokaren 52. edizioari. Euskal kulturaren topagune nagusiaren inguruko berriak telebista, irrati eta internet bidez jarraitu ahal izango dira.

ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunero zabalduko dute azokaren leihoa, zuzenean Landako gunearekin bat egiteko. Bertatik, ekitaldi nagusien berri emango dute eta protagonistekin hitz egingo dute.

Amaia Cayerok eta Ilaski Serranok gidatzen duten 'Ahoz Aho' saioa astelehenetik ari da Durangoko Azokaren inguruko gaiak jorratzen. Alabaina, ostegunean tarte zabalagoa eskainiko diote, Ilaski Serrano bertatik arituko baita zuzenean. Gonbidatuen zerrenda luzea izango da: besteak beste, Lutxo Egia Ahotsenekoa zuzendaria eta Arantxa Atutxa Gerediaga kultur elkarteko ordezkaria; musikarien artean, Alex Sardui, Javier Muguruza eta Berri Txarrak; Andu Lertxundi eta Irati Jimenez idazleak, eta argitaletxeetatik Angel Valdes (Elkar), Mikel Soto (Txalaparta) eta Gorka Arrese (Susa).

'EiTB Kultura Transit' saioak Ahotseneari buruzko erreportaje zabala eskainiko du. Durangoko Azokako sortzaileen gunearen 10. urteurrenaren karietara, bere ibilbidearen errepasoa egingo dute Gotzon Barandiaranekin eta aurten bertatik pasako diren zenbait artistekin egongo dira.

Bestalde, ostegun gauean bi kontzertu berezi izango ditugu ikusgai ETB1en 22:30etik aurrera. Lehendabizi, Su Ta Gar taldeak ekainean Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainitakoa. Maitasunari pasioa diskoaren aurkezpen biran azken emanaldia izan zen hura eta oraingoan telebistan ikusteko aukera izango dute Eibarko taldearen jarraitzaileek. Kantu berriak eta betikoak entzungo ditugu: 'Haika mutil', 'Itxaropena', 'Mari', 'Jo ta ke', 'Hitz margotuak'?

Ondoren, Zea Mays taldeak 20. urtemuga ospatzeko 2015eko abenduan Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertua eskainiko du ETBk. Urte horietan guztietan bide lagun izandako artistekin, talde horien bertsioak jo zituzten Aiora Renteria eta konpainiak.

'Merli' eta 'Go!azen' telesailak Durangon

ETBren eskutik, hainbat ekimen buruko dira Durangoko Azokan. Abenduaren 9an, 'Merli' telesailaren aurrestreinaldia egingo da Durangoko Azokako Irudienean, 13:00etan. TV3eko telesaila arrakastatsuak Merlí filosofia irakaslea du protagonista, eta ikasleak askatasunez pentsatzera bultzatuko ditu, ezohiko irakasbideak erabiliz. Horren metodoek ez dute inor epel utziko, eta aldekoen eta aurkakoen artean banatuko dira ikasle, irakasle eta gurasoak. Urtarrilean estreinatuko da ETB1en.

Bestalde, 'Go!azen' telesaileko aktoreak egunero egongo dira Durangoko Azokan diskoak sinatzen, Elkar argitaletxearen standean. Halaber, EiTBren estilo liburua ere salgai egongo da Elkarrek izango dituen gune ezberdinetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos