Donostia Zinemaldirako leiho ugari zabalduko ditu EiTBk

USOZ

Irailaren 30era bitartean, Zinemaldiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez

Ostiral honetan abiatuko den 65. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus-en irailaren 22tik 30era bitartean.

Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean, gaueko bederatzietan. Ostiral honetako gala Anne Igartiburuk eta Leticia Dolerak gidatuko dute.

Euskal Zinema eta ETBren Gala (irailak 26, 20:30) eta Donostia sarien emate ekitaldiak (irailak 26, 22:00 eta irailak 27 20:00) ETB4n eta eitb.eus-en eskainiko dira. Ricardo Darin, Monica Bellucci eta Agnes Vardaren ibilbideak nabarmenduko ditu a dira aurtengo saridunak.

Zinemaldiak tartea izango du egunero ETBko albistegietan. Zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta bertan aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde osoa arituko da lanean horren guztiaren berri emateko bederatzi egunetan. '¡Que Me Estás Contando!' eta 'Ahoz Ahoz' saioek ere jarraipen estua egingo diote.

'EiTB Kultura Transit'ek bi saio eskainiko dizkio Zinemaldiari. Aste honetan, aurtengo edizioaren nobedadeak kontatuko ditu Jose Luis Rebordinosek. Gainera, hobeto ezagutuko dugu Zinemaldia bera, eta baita bere zuzendaria ere. Datorren astean, Julia Juaniz aurten Zinemira Saria jasoko duen zuzendari eta muntatzaile nafarra elkarrizketatuko dute, eta Zinemaldiaren beste protagonista batzuekin hitz egingo dute. Berebat, Zinemadian aurkeztuko diren euskal film batzuk eta horien egileak aurkeztuko dituzte Sortzaileak atalean.

Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantaldearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaletuen iritziak ekarriko dizkigute bertako lankideek eta iruzkina, balorazioa eta eztena gehituko dizkie Arkaitz Basterra zuzendariak eta Begoña del Teso zine kritikoak. Goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 16:30etan zabalduko ditu zinemaldirako leiho bereziak. 14:15ean 'Kultur Leihoak' egunari errepaso zehatza emango dio Mari Jose Uria lankidearen laguntzarekin. Aurten, zinemaldian aurkeztuko den euskal produkzioari erreparatuko dio bereziki Euskadi Irratiak. Horrenbestez, irailaren 24an Handia pelikularen egun handia izango denez, horren berri zehatza emango digu Mikel Yarzak.

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Ainhoa Agirre eta Mari Jose Villaverde kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia', 'Graffiti' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.eus' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zine jaialdiaz egunero.

eitb.eus-ek, berriz, gune berezia eskainiko dio, eta Zinemaldiak ematen duena bere ikuspegitik landuko du bertan. Halaber, streaming bidez emango ditu ekitaldi berezienak. Bideoak eta argazki galeriak ere argitaratuko ditu, eta telebistako eta irratiko lankideek sortutako edukiak kaleratuko dituzte. Arreta berezia egingo diote Euskal Zinema eta ETB Galan aurkeztuko den Elkarrekin-Together dokumentalari eta Handia filmari. Horrez gain, Felix Linaresek kronika egingo du egunero webgunerako.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos