'7 Días' eztabaida saio berriaren estreinaldia, gaur, ETB2n

Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztuko duen saioaren lehen atalean Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeari elkarrizketa egingo diote

DVDonostia

Ostiral honetan, hilak 15, '7 Días' eztabaida saio berria estreinatuko du ETB2k. Gaurkotasuneko gai politiko eta sozialak modu arin eta zorrotzean aztertuko ditu Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztutako saioak. Arantza Ruiz kazetariaren laguntzarekin, asteko albiste nabarmenenen errepasoa egingo du, ahoz aho dabiltzan gaiak ulertzeko gakoak eskainiz.

Lehen saioan, Kataluniako egoera hartuko dute hizpide nagusi. Bi elkarrizketatu berezi izango dituzte: alde batetik, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea, eta bestetik, Albert Oliva, Mossoen bozeramaile eta Josep Lluis Traperoren bigarrena. Bi gonbidatuak erreferendumaren inguruan arituko dira eta urriaren 1ean gertatuko dena aurreikusten ahaleginduko dira. Gainera, Bartzelonako atentatuak gertatu zirenetik hilabete bat beteko da irailaren 17an, eta egun horretan egingo diren ektialdiez eta ordutik ezarri diren segurtasun neurriez arituko dira.

Bestalde, Yoyesen heriotzaren 31. urteurrenaren inguruko erreportajea eskainiko du '7 Días' saioak. Bertan, haren lagun min zen Elixabete Garmendia kazetariak eta Jose Manuel Bujanda ETAko kide ohiak hartuko dute parte. Gainera, homosexualak apaiz izatea debekatzen duen Vatikanoaren dekretuaz arituko dira. Alfonso Ruiz de Arcaute sekularraren kasua ezagutuko dute. Bere sexualitateagatik apaiz bilakatzeko arazoak dituela azalduko du.

Horrez gain, Itziar Gorospe, Martin Garitano, Isabel Camacho, Arantxa Elizondo eta Montse Ramirez solaskideekin osatuko dute lehen saioko mahai-ingurua. '7 Días' ostiralero emitituko da 22:25ean, ETB2n, eta asteko informazio agenda zehaztuko duten gaiak aztertuko ditu erreportaje, elkarrizketa eta zuzeneko konexioekin.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos