'El Conquistador del Fin del Mundo' eta 'Go!azen', «jarraitu beharreko eredu arrakastatsuak»

Bilkuran parte hartu dutenen taldeko argazkia./EiTB
Bilkuran parte hartu dutenen taldeko argazkia. / EiTB

Telebista Autonomikoek transformazio digitala ikus-entzunezko publikoetan izaten ari den eragina aztertu dute

'Lo Veo, ezberdin izateak bakar egiten gaitu' ekimenaren barruan, FORTAk, Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioak eta EITBk 'Transformazio digitala ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoetan' jardunaldia egin dute Bilbon, digitalizazioak ikus-entzunezkoen esparruan dituen erronkei buruz eztabaidatzeko helburuz.

«Ikus-entzunezko hedabide publiko autonomikoek gizartean izan diren aldaketa prozesuetan leku garrantzitsua izan dute», nabarmendu du FORTAko presidente Jesus Lopez Cabezak. «Digitalizazioaren eraldaketa garai garrantzitsu honetan gure borroka edukietan dago» erantsi du. Halaber, «organo araugileek Bigarren Dibidendu Digitalaren barruan ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoen espazioa ez mugatzearen beharra» azpimarratu du.

Ondoren, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak EiTBren apustu digitalaren lerro estrategiko nagusien berri eman du, eta nabarmendu du pertsona eta komunitate konektatuak jarri dituela EiTBk bere xedearen muinean. Halaber Iturbek adierazi du ikus-entzunezko hedabide publikoen eredu digitalak «ikuspegi holistikoa izan behar duela eta beraren emaitzaren balioa ekarpen guztien batura baino handiagoa izatea».

Jarraian, telebista konektatuak ekarri dituen lan prozesuak teknologiaren ikuspegitik egokitzearen beharraz mintzatu da zuzendari nagusia. EiTBren kasuan, 2007an ekin zitzaion telebista, irrati eta interneteko prozesu teknologikoak bateratzeari. Produktuei dagokienez, Gaztea, 'El Conquistador del Fin del Mundo' eta 'Go!azen' nabarmendu ditu etorkizunean jarraitu beharreko eredu arrakastatsu gisa.

Azkenik, EiTBren plataformen aldeko apustua egin du Iturbek: «markaren ekarria egiteaz gain, oinarrizko 'big data' jartzen dute eskueran, eta baita kontrol teknologikoa eta beste batzuen menpe ez egotea ere. Kanpoko plataformek audientzia dakarte, baina kontrola eta beraiei buruzko informazioa eskasa da».

Smartberri sariak

Ingurumari honetan, ekitaldia Smartberri sariak banatzeko baliatu dute, smartphone bidez oso-osorik egindako ikus-entzunezko erreportajeen lehiaketako sariak, hain zuzen ere. EiTBk, UPV/EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan sortu du lehiaketa. Ikus-entzunezko sormena eta herritarren partaidetza sustatzeko.

Ildo horretatik, Ramon Salaverria Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko Ikerketa dekanordeak eta Juan Carlos Etxeberria ETBko albistegien editore eta aurkezleak mugikorrak hainbeste garrantzi duen garai honetan kazetaritzak dituen ezaugarriak aztertu dituzte.

Salaverriaren aburuz hiritarrek protagonismoa dute ingurumen digitalean, «baina hedabideetako profesionalen obligazioa da, informazio hori egiaztatzea, kontrastatzea eta testuinguruan jartzea. Komunikazio fakultateak ere egokitu egin behar dira. Egun ez du zentzurik profesionalei hedabideak erakustea. Garrantzitsuagoa da irizpidea, hizkuntza erakustea. Hori da kazetarien prestakuntzaren gakoa. Balioak iraunkorrak dira eta teknologiak, berriz,igarokorrak»

Hedabide publikoen egitekoa

Jardunaldia Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak itxi du. Bere esanetan, ikus-entzunezko hedabide autonomiko publikoek aniztasuna eta hizkuntza ezberdinen babesa eta sustapena bermatzen dute.

EiTBren kasuan, zehazki, Euskadin sustatzen ari diren digitalizazio politiketan protagonista izan behar duela azaldu du. Lehenik eta behin, edukiak sortzeko lantegi gisa, EiTBk ikus-entzunezko edukiak sortzeko Euskadiko plataforma nagusia izan behar duela aipatu du. Halaber, telebistako, irratiko edo interneteko edukien hedapenean duen paper protagonista azpimarratu du.

Era berean, gazteentzako ikus-entzunezko edukiak sortzean, telebistako programazioak ezartzen dituen loturez harago, edozein momentutan eta edozein plataformatan kontsumitzeko edukiak sortzeko beharra jaso du.

Gainera, EiTBk euskal zinemagintza sustatzeko egiten duen esfortzua azpimarratu du. «Nekez ikus genezake Netflix bezalako plataforma batean 10 Goya irabazi dituen 'Handia' filma EiTBren babesa izan ez bazuen proiektua finantzatzeko eta hedatzeko» esan du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos