Boxeoaren munduan murgilduko dira 'Ur Handitan' saioan

Xabier Madariagak bost boxeolari elkarrizketatuko ditu: Uzuri Arebalo, Jon Fernandez Jonfer, Kerman Lejarraga, Ibon Larrinaga eta Danel Abando

Astearte honetako 'Ur Handitan' saioa boxeo munduan murgilduko da. Duela gutxira arte gaizki ikusia zegoen kirola izan da, baina orain, boom bat bizitzen ari dela dirudi. Adibide bat jartzearren, duela aste batzuk Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarrak Espainiako txapelketa lortu zuen Miribillako Bilboko Arena aretoan. 10.000 ikusle baino gehiago bildu zituen boxeo saioak, inoiz kirol ekitaldi batean Miribillan elkarturiko ikusle kopururik handiena. Zer gertatu da boxeoa, berriro ere, hainbeste jenderen gogoko bilakatzeko? Boxeoa aldatu da ala jendea da aldatu dena?

Galdera horri erantzuteko bost boxeolari elkarrizketatu ditu Xabier Madariagak, horien artean, Uzuri Arebalo. Orain dela 25 urte jaio zen Mungian, eta orain dela hiru hasi zen boxeoaren munduan. Geroztik, egunero joaten da gimnasiora, eta aurten egin du debuta borrokaldi ofizialetan. 'Ur Handitan' saioak bere lehen garaipena bertatik bertara ikusi izan du, emakumezko boxeolarientzat Zamudion antolaturiko boxeo jaialdian.

Jon Fernandez Jonfer, berriz, orain dela 22 urte jaio zen Etxebarrin. Superluma pisuan Espainiako txapelduna da, eta mundu mailako WBC Silver titulua du. Orain arte ez du inoiz borrokaldirik galdu. Hamalau garaipen guztira, horietako hamabi KOz. Adituek diotenez, etorkizun handieneko euskal boxeolaria da, eta horregatik Madrilera joan da bizitzera. Espainiako hiriburuko Vallecas auzoan mundu mailako borrokaldiak prestatzeko testuinguru egokia aurkitu du, eta 'Ur Handitan' saioko kideak bertan izan dira bere egunerokotasuna ezagutzeko asmoarekin.

Arrakasta gertutik ezagutzen duen beste boxeolari bat Kerman Lejarraga da. Osabak animatuta hasi zen boxeoan, eta geroztik bizitza aldatu zaio. Boxeoagatik ez balitz kartzelan egongo litzatekeela uste du. Ez daki noiz arte jarraituko duen profesional moduan, baina bere helburua garbi du: ahalik eta diru gehien lortu bere familiarekin bizitza erosoaz eta lasaiaz disfrutatu ahal izateko.

Ibon Larrinaga Erromon jaio zen duela 26 urte. Futbolari izan nahi zuen txikitan, baina lesio batek futboletik aldendu eta boxeoa ezagutzeko aukera eman zion. Egun, boxeoaz bizi da. Boluetako gimnasio batean klaseak ematen ditu. Estereotipoetatik kanpo dago, eta "boxeolaria, unibertsitateko ikaslea eta pertsona sentibera" dela uste du. Boxeo klaseak ematen dituenean kolpeka aritzeaz gain bestelako baloreak transmititzen saiatzen da.

Danel Abando urruti heldu zen boxeo amateurrean. Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketak irabazi zituen eta Espainia Mailan brontzezko domina lortu zuen. Orain zientzia politikoetako ikaslea da, eta baita boxeo irakaslea ere. Boxeo munduko cliché-ek "amorrua" ematen diote, eta, inoiz, bere ideiak azaltzean kritikak eta mehatxuak jaso izan dituela onartu du.

Euskal boxeolari gazteen testigantza horiek guztiak astearte honetan ikusi ahal izango dira, 22:30ean, ETB1eko 'Ur Handitan' saioan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos