Binakako Txapelketako finala, zuzenean

16:30ean hasiko da Ezkurdia-Zabaleta / Elezkano II-Rezusta norgehiagoka eskainiko duen saio berezia

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute igande honetan jokatuko den Eskuz Binakako Txapelketako finala: Ezkurdia-Zabaleta / Elezkano II-Rezusta. Halako hitzordu garrantzitsuetan egin ohi duenez, profesional talde zabala jarriko du lanean ETBk. Emanaldi berezia 16:30ean hasiko da eta hamar kamera erabiliko dira ikus-entzuleei jokoaren xehetasun guztiak erakusteko.

Xabier Euzkitzek gidatuko du emanaldia. Joxan Tolosa izango du lagun komentarioetan, eta Elena Azpeitia eta Xabier Andueza elkarrizketak egiteko. Jaialdia hasi bitartean, Bizkaia pilotalekuan bizi den giroa, zaletuen ikusmina eta protagonistak nola iritsi diren erakutsiko digute. Astean zehar lau finalistei buruz egindako erreportajeak ere ikusiko ditugu.

17:00etan hasiko da lehen partida: Artola-Albisu / Irribarria-Merino II. Finalaren ostean, berriz, Arretxe-Etchegoin / Ugalde-Merino norgehiagoka jokatuko da.

Pilotalekuan egongo diren hamar kameren artean, jokoaren irudi geldoa erakusten duen Slow Motion izenekoa, eta goitik pilotalekuaren irudi ikusgarriak eskainiko dituen Polecam kamera ditugu. Emanaldiaren xehetasunak erakusteko, berriz, besoa mugitzen zaion Burubero izeneko kamera erabiliko dute. Zoom-aren bidez irudi zehatzak eta plano motzak eskainiko ditu.

Horiekin batera, txokoan kokatutako robotizatutako kamerak eta kontra kantxako marra zaintzen duen kamerak ez ohiko irudiak eskainiko dituzte.

Eskubaloia eta txirrindularitza

Igandeko kirol eskaintza beste bi emanaldirekin osatuko da: Guerreras Iberdrola eskubaloi ligako Super Amara Bera-Bera / Godoy Maceira Porriño partida, 12:00etan, eta Zornotzako Udaberri Saria txirrindularitza probaren laburpena, 16:00etan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos