Non betiko lekuetan baino hobe?

Kaia-Kaipe jatetxea, Getarian./MIKEL FRAILE
Kaia-Kaipe jatetxea, Getarian. / MIKEL FRAILE

Bidaia gastronomikoa egingo du Euskal Herrian barrena ETB1ek gaur gauean eskainiko duen 'Betiko lekuetan' dokumentalak

Asteazken honetan, ETB1ek 'Betiko lekuetan' dokumentala eskainiko du. Zaporez eta lurrinez beteriko bidaia izango da, gure oroimenaren parte diren toki klasikoetatik barrena. Saioa Arabako Errioxan, Lekeition, Getarian, Arantzan eta Ezpeletan izango da.

Bidaia gastronomiko bat egiteaz gain, denboran zehar aldatu ez diren toki asko daudela erakutsiko dute. Horren adierazgarri dira leku horietako jan eta edanak. Kontakizun berezia osatuko dute, modu berezian zaindu eta landutako irudien bitartez.

Ezpeleta piperraren euskal hiriburuetako bat da, eta sor-marka propioa ere badauka. Zalantzarik gabe, jaki honen erakusleihorik onena Euzkadi Hotela da, eta bertan herriko platerik ezagunetariko bat prestatzen dute: txahal axoa.

Arraina dastatzera kostaldera joango dira. Lekeition duela 60 urte sortu zen ospakizun handietarako jatetxe batera joango dira, eta Getarian, berriz, ospe handi duen Kaia-Kaipe jatetxera, non arrain-errea maisutasun handiarekin prestatzen duten.

Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen Arantza herrian Burlada jatetxea ezagutuko dute. Ehizak, foie-grasarekin egindako azpizunak eta ahate-entsaladak ospe handia eman diote betiko jatetxe honi.

Postrerako, Santiren 'makarroiak' dastatuko dituzte. Santi Loizate gozozaleak Garaitik Lekeitiora ekarritako errezeta da. Haren semeak eta bilobek errezetaren tradizioa eta kalitatea mantentzen jarraitu dute.

Historia eta istorio guztiak lehen pertsonan kontatuko ditu dokumentalak. Protagonistek pasioz egiten duten lanari esker, paraje hauek 'betiko leku' izaten jarraituko dute guretzat.

Betiko lekuetan asteazken honetan izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos