Bermeo, Mundaka eta Laga, 'Itsasontzi Baten' saioan

Urdaibai aldeko kostaldea ezagutuko dute Ibon Gaztañazpik eta Maitena Salinasek

Urdaibai aldean izango da igandean 'Itsasontzi Baten' saioa. Bermeo, Mundaka eta Lagako kostaldeak erakutsiko dizkigute Ibon Gaztañazpik eta Maitena Salinasek.

Aste honetan gainera, ez da umorerik faltako Euskal Herriko ontzirik ezagunenean. Lagan, bi pertsona interesgarri eta xelebrerekin egingo dute topo: Joseba Negugogorrekin eta Pedro Mari Bastegietarekin. Negugogorrek Amaren tratamendua egingo dio Iboni, hobeto sentitu dadin. Pedro Marik, berriz, itsasoko urak 118 mineral dituela esango die eta itsasoko ura edanez afalduko dute.

Gaviota gas-plataforma inguruan ere ibiliko dira, eta handik Bermeora hurbilduko dira bertako istorioak ezagutzera; portuan txoko bat duen taldearekin mokadutxo bat egiteko. Gero, Maitena saregile batekin izango da, eta Ibonek arrantzale erretiratu batekin eta bere emaztearekin hizketalditxoa edukiko du. Arrantza itsasoan nola bizi den azalduko digute, baita etxean ere, eta emakumeen zeregina azpimarratuko digute.

Horrez gain, San Kristobal jaietan murgilduko dira, eta Maitena modu harrigarrian apaindutako kotxe batean sartuko da. Bitartean, Ibonek urpeko arrantza egiteko aprobetxatuko du. Izaro irlaren inguruan zerbait harrapatzen saiatuko da. Lortuko al du afaria arrantzatzea?

Saioa musikarekin amaituko dute. Ibon esku soinuarekin eta Maitena panderoa jotzen. Ea nola moldatzen diren.

'Itsasontzi Baten' igande honetan emitituko da 22:00etan ETB1en.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos