Baionako besten irekiera, zuzenean ETB1en eta eitb.eus-en

Iazko festen hasiera. / LUSA

Ilaski Serranok eta Joseba Olagaraik aurkeztuta, Baionako Herriko Etxeko balkoitik

Asteazken honetan, uztailak 26, Baionako besten irekiera ikusi ahal izango da zuzenean ETB1en. Ilaski Serranok eta Joseba Olagaraik, 21:30etik aurrera, Baionako besten lehen egunean dagoen giro bikaina erakutsi eta kontatuko digute, zuzen-zuzenean, Baionako Herriko Etxeko balkoitik.

22:00etan azalduko da Baionako bestetako protagonista eta ikurra, Leon erregea, herriko etxeko balkoian, eta, ondoren, Baionako hiru auzoak ordezkatzen dituzten hiru giltza botako dituzte balkoitik, bestei ofizialki hasiera emanez.

Horrekin batera, Ilaskik eta Josebak, hiru gonbidatu izango dituzte elkarrizketak egiteko: Peio Larralde pilotaria, Gilles Barnemugle Haizegoa taldeko kidea eta Jasone Iroz kazetaria.

Nerea Alias kazetaria ibiliko da Baionako karriketan hainbat erreportaje ezberdin egiten. Besteak beste, Baionak, egun horietan izango duen eskaintza gastronomikoaren inguruko erreportajea ekarriko du, eta baita Baiona Ttipian egiten dituzten ekitaldien ingurukoa.

Eguna amaitzeko, berriz, Sarako Kabalkada eskainiko du kateak. 2016ko urriaren 9an, Kabalkada egin zuten Saran, eta 22:30ean izango da ikusgai. Bertan, ehun bat herritarrek parte hartu zuten. Dantza, antzerki, musika eta kanta bitartez agertu zituzten herriko hainbat gertaera eta istorio.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos