Badator Teknopolis saioa, zientzia eta teknologiaren defentsara

Iñaki Leturia, 'Teknopolis' telebista saioko aurkezlea

20. denboraldia hasiko du programak. ETB1en larunbatero emango da, 13:30ean, eta ETB2n, berriz, igandero, 09:30ean

Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria aurkeztu dute, aurtengoarekin hogei denboraldi beteko dituena. Asteburu honetan abiatuko da, ETB1en eta ETB2n.

Saioa Iñaki Leturia Yurritak eta Nagore Rementeria Argotek zuzenduko dute eta Leturiak berak jarraituko du Teknopoliseko aurpegia izaten. Lantaldea, berriz, esperientzia handiko zientzia-adituek eta kazetariek osatzen dute, eta haien lanak sari ugari jaso ditu, estatuan zein nazioartean. Orain ere, Boehringer Ingelheim Medikuntzako kazetaritza-saria irabazteko hautagai da Teknopolis ek egindako erreportaje bat.

Aurten ere ahaleginduko dira berrikuntzak eskaintzen, eta haiek aurkeztu ditu Leturiak; bereziki, Atariko proba, ikertzaileen alderik informalena azterketa formatuan, edo Apperitifa, gailu mugikorretarako app interesgarrienekin. Lehenengo programan bizikleta izango da gaia, baina "ikuslea harrituko duen ikuspegi batetik", azaldu duenez.

Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, Elhuyarrek "ikerketa eta berrikuntza eragilerekin elkarlanean" egiten du Teknopolis. Hala, euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sareko dibulgazio-agente gisa Elhuyarrek egiten duen lanaren erakusgarri nagusienetakoa da saioa.

Bide batez, babesleek emandako laguntza eskertu du Canciok saioaren aurkezpenean, eta EITBrekin duen lankidetza azpimarratu. Cancioren hitzetan, "erakunde horiek, ikerketa eta berrikuntza jardueran barneratuta izateaz gain, gizartearekiko duten konpromisoa islatzen dute Teknopolis en bidez".

Teknopolis larunbatero emango dute ETB1en 13:30ean, eta ETB2an, berriz, igandetan, 09:30ean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos