Azpeitiko errekortari lehiaketa, ETB1en

Lobo Altuna

Uztailaren 25ean Estatuko errekortaririk onenak bildu ziren herriko zezen plazan

Datorren asteartean, Azpetian uztailaren 25ean izandako Errekortari Lehiaketa eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Estatuko errekortaririk onenak bildu ziren herriko zezen plazan Zezenbeltz eta Toropasionen eskutik. Errekortarien artean, Unai Arana Xurra eta Sergio Valle euskaldunekin, Alberto Cozar, Cristian Moras, Danny Alonso, David Ramirez El Peque, Eusebio Sacristán Use, Javier Manso Balotelli, Jonathan Estebanez El Peta, Jose Manuel González Poca, Juan Nieto eta Saul Rivera aritu ziren. Emanaldia Imanol Artolak eta Miguel Zendoiak aurkeztuko dute 22:15ean hasita.

Bestalde, Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Burgosko Itzuliaren 39. edizioa. Lasterketa abuztuaren 1ean, asteartean, hasiko da Burgosen eta Lagunas de Neilan amaituko da larunbatean, abuztuaren 5ean. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean bat egingo dute lasterketarekin egunero 15:30etik aurrera, etapa bakoitzaren azkeneko kilometroak eskaintzeko. Fermin Aramendi esatariak Mikel Astarloza txirrindulari ohiaren laguntza izango du zuzeneko emanaldien kontakizuna egiteko.

Bost etapen ibilbide orokorrak 760 kilometro izango ditu eta txirrindulariek 13 mendateri aurre egin beharko diete: horien artean, hirugarren mailako bederatzi mendate, bigarren mailako bat, lehen mailakoa beste bat eta maila bereziko bi igoera.

Itzuliaren lehen etapa El Castillo igoeran amaituko den 151 kilometroko ibilbidea izango da, eta bigarrena, 153 kilometroko etapa, abiadura-lasterkarientzako aproposa izango da Beloradon.

Hirugarren jardunaldian etaparik luze eta gogorrenari aurre egingo diote txirrindulariek. 173 kilometroko ibilbidean, hirugarren mailako sei mendate igo beharko dituzte, itzulian lehen aldiz, Picon Blanco maila bereziko igoera egin aurretik.

Laugarren etapak 147 kilometro izango ditu, Cluniara helduko da eta mendaterik gabeko etapa bakarra izango da. Itzulia Lagunas de Neilan amaituko da 136 kilometroko bosgarren etaparekin.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos