Audience taldeak Kuban grabatutako disko berria, 'EiTB Kultura Transit'en

'Sortzaileak' atalean Ismael Iglesias Serrano artista bilbotarraren lana emango dute ezagutzera

Audience taldearen hamaikagarren diskoak 'Isla' du izena eta Habanan grabatu zuten apirilean. Asteburu honetan ekingo diote aurkezpen birari eta 'EiTB Kultura Transit' saioan grabazioaren esperientziaren berri emango dute.

Kubara egin zuten bidaia horretako zenbait pasarte ikusteko aukera eskainiko ditu saioak. Habanako kaleetan zehar, entsegu tokietan eta estudioan hartutako irudiak, besteak beste. Lan berria Kaki Arkarazorekin batera sortu dute eta gainera, Kubako hainbat musikariren kolaborazioa izan dute: Osanay Martinez abeslariaren ahotsa, Alejandro Delgadoren tronpeta doinuak eta Yoraldy Abreuren perkusioa.

Kolaborazio hauek euren lana nola aberastu duten azalduko dute Audience taldeko kideek, euren estiloak eta kubatarrenak bat eginez. Bestalde, Isla izenaren esanahi bikotzaz ere arituko dira: alde batetik Kubako irlari egiten dio erreferentzia, eta bestetik, taldeak gaur egun bizi duen momentuari.

Bestalde, Ismael Iglesias Serrano artista bilbotarrak estudioko ateak ireki ditu 'Sortzaileak' atalerako erreportajea egiteko. Bere margolan geometrikoez gain, gaur egun lantzen ari den zimurren hiper-errealismoa ere ezagutu dugu. Lan hauetan mihisea bera da zimurtzen duena, eta sprayekin margotuaz testura bereziak lortzen ditu. Azaldu duenez, hurrengo pausua aurreko lanetako geometriak egungo hondo zimurtuetan txertatzea izango da.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos