Artea eta feminismoa, aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioan

Margaret Harrison artista britainiarraren lana hartuko du abiapuntu, Sortzaileak ataleko protagonista Leire Urbeltz margolaria izango delarik

Aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioak Margaret Harrison artista britainiarraren lana hartuko du abiapuntu, artea eta feminismoaren arteko harremanean sakontzeko. Artearen munduan, ikuspegi feminista garatu zuten lehen artisten artean dago Harrison. Sexua, klasea eta bortizkeria dira bere lanaren ardatz nagusiak, eta bost hamarkadetan zehar egindako lana bildu du Xabier Arakistainek zuzendutako erakusketa batek Azkuna Zentroan. Eraso sexistak, protesta politikoak eta lan eskubideak aldarrikatu zituen Harrisonek bere lehenengo erakusketan, 1971ean, eta poliziak erakusketa itxi zuen.

Bestalde, Iruñeko hiru tokitan ikusgai dagoen 'Ni, denetan okerrena' erakusketaren atzean ere ikuspegi artistiko feminista da nabarmen. Erakusketa, Nafarroako museoan, Huarte Zentroan eta Oteiza Museoan dago ikusgai. Eztabaida publikoan aldarrikapen feministek geroz eta indar gehiago duten momentua bizi dugu, eta aldarrikapen horiek bere tokia hartu dute artearen munduan ere.

Leire Urbeltz margolari iruindarra urtebeteko bidaiatik itzuli berri da. Estatu Batuak eta Mexiko arteko mugan ibili da, joan etorrian, eta Tabakaleran eta Nafarroako Museoan aurkeztu berri duen Borderlands proiektua jaio da abentura honetatik. Ilustrazioaren bidetik hasi zuen arte munduko ibilbidea Urbeltzek. Orain, ordea, 'ilustrazio hedatua' deritzona garatzen du. Liburuaren mugak hausten dituen eta euskarri berrietara moldatzen den ilustrazioa, alegia. Bera da aste honetako Sortzaileak atalean protagonista.

'EiTB Kutlura Transit' ostegun gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos