Arrauna, pilota eta txirrindularitza, zuzenean, ETB1en

Orioko Kanpina Bandera, Binakako San Fermin Torneoko partida eta Frantziako Tourreko 8. etapa izango dira ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en

Arraunak, pilotak eta txirrindularitzak osatuko dute larunbateko kirol eskaintza ETB1en eta eitb.eus-en. 12:05ean egingo dute bat Frantziako Tourraren 8. etaparekin. Dole eta Stations des Rousses artean, 187 kilometroko ibilbidea osatuko dute lasterkariek. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak egingo dute kontakizuna.

Txirrindularitza amaitutakoan, 17:30ean, arraunak hartuko du lekukoa. Oriko Kanpina Banderaren berri emango dute Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak. Lehendabizi Eusko Label Ligako traineruak arituko dira lehian eta, ondoren, Eusko Tren Ligakoak.

Gaueko 22:00etan, 'ETB Kantxa' saioak arratsaldeko Iruñeko Labrit pilotalekuko jaialdia eskainiko du. Jaka-Tolosa / Laso-Etchegoin eta Arretxe II-Urretabizkaia II / Gorka-Lasa IV norgehiagokekin batera, Binakako San Fermin Torneoko partida jokatuko dute Ezkurdia-Rezustak eta Altuna III-Zabaletak. Josetxo Lizartza eta Jokin Errasti izango dira esatariak.

Amaitzeko, ETB4n pala eta erremonte emanaldi bana izango ditugu: 11:00etan, Getxoko San Nikolas Txapelketako finalak eta 13:00etan San Fermin Torneoko lehen finalerdia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos