Argazkilaritza eta globalizazioa, denboraldiko lehen 'EiTB Kultura' saioan

Iñigo Sesma margolaria izango da 'Sortzaileak' atalean/Usoz
Iñigo Sesma margolaria izango da 'Sortzaileak' atalean / Usoz

Getxo Photo nazioarteko argazkilaritza festibala bisitatuko du saioak, eta gainera, Iñigo Sesma margolaria izango da Sortzaileak ataleko protagonista

Globalizazioak argazkilaritzaren munduan duen eragina aztertuz ekingo dio denboraldi berriari 'EiTB Kultura Transit' saioak. Getxoko kale eta aretoak zeharkatuko ditu Getxo Photo festibalaren karietara. Nazioarteko irudi jaialdiak erakusten dituen argazki erraldoiek ingurumenaz, teknologia berriez, elikaduraz, turismoaz eta espazioaz hausnartzeko parada eskaintzen dute. 23 artisten lana erakutsiko du, urriaren 1era bitartean.

'EiTB Kultura Transit' saioak herri osoan zehar zabaltzen den 'Trantsizioak' izeneko erakusketa handia ezagutuko du. Monica Allende komisarioa eta bertan parte hartzen duten bi artista, Mandy Barker eta Monica Alcazar-Duarte, izango ditu bidelagun.

Mandy Barker britainiarraren lanek ingurumenaren arazoaz jabetu nahi ditu herritarrak. Munduko hondartza ezberdinetan bildu dituen plastikozko hondakinak erabili ditu bere argazki ederrak sortzeko. Mónica Alcazar-Duarte argazkilaria, bere aldetik, teknologia berrietan barrena murgildu da, Martera 2030. urtean bidaiatuko duten zenbait zientifikoren erretratua eginez.

Denboraldi honetan ere Sortzaileak atala izango dute saioan. Iñigo Sesma margolaria izango da lehen protagonista. Donostiako artista gazteak errealismoa lantzen du, ateratzen dituen argazkietan oinarrituta margotuz. John John izeneko bere lana Londoneko National Portrait Galleryko erretratuen lehiaketa garrantzitsuenean parte hartzeko aukeratu dute: The Portrait Award BP 2017 lehiaketan hain zuzen ere. Sesmak bere estudioko ateak irekiko dizkio 'EiTB Kultura Transit' saioari, datorren urteko udan Los Angelesen egingo duen erakusketa prestatzen duen bitartean.

Denboraldi berri honetan, 'EiTB Kultura Transit' saioak euskal sortzaile berrien lana ezagutuko du, alor ezberdinetan ibilbide luzea duten artisten ekarpenak ahaztu gabe. Gainera, Euskal Herriko kultur aretoak, galeriak, antzokiak, zinema aretoak eta kontzertuak errepasatuko ditu, kulturaren munduko barrunbeak eta nobedadeak erreportaje ezberdinen eskutik erakusteko.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauean emitituko da ETB1en eta ETB2n.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos