Andre Maria Zuriaren jaien jarraipena, ETBn eta eitb.eus-en

Zeledonen jaitsiera zuzenean ikusi ahal izango da.
Zeledonen jaitsiera zuzenean ikusi ahal izango da. / EFE

Zeledonen jaitsiera ez ezik, igoera ere zuzenean eskainiko du ETBk. Horrez gain, 'Gasteizko Jaiak 2017' saio bereziak, Gasteizko txistulari kontzertua eta Ama Zuria pilota tornea eskainiko dira

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute Euskal Telebistan. Ostirala arratsaldean ospatuko den Zeledonen jaitsieraren zuzeneko emanaldia izango da abiapuntua, eta jaiei amaiera emango dien Zeledonen igoera ere zuzenean emitituko da asteazken gauean.

Ostiral honetan hasi eta asteazkenera bitartean, Arabako hiriburuan bizi den festa giroaren jarraipena egingo dute 'Gasteizko Jaiak 2017' saio bereziek eta eitb.eus webguneak ere. 'Gasteiz Kantuan' ikuskizunak, Algara dantza taldearen ikurrinaren omenaldiak, Gasteizko Txistulari Kontzertuak eta Ama Zuria pilota torneoko partidek osatuko dute eskaintza.

Ohi denez, Zeledon San Miguel kanpandorretik jaitsi eta Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatzen duenean hasiko dira Gasteizko jaiak. ETB2k zuzenean eskainiko du ekitaldia ostiralean, 17:30etik aurrera, Pilar Ruiz de Larrea eta Unai Ugarte kazetarien kontakizunarekin. Iñaki Elorzak eta Maite Eskarmendik kaleko giroaren berri emango dute, bertaratutako herritarrekin eta gonbidatu bereziekin hitz eginez. Emanaldian zehar jaiei buruzko zenbait erreportaje eskainiko dira.

Ilaski Serranok aurkeztuta, ostiral eta larunbat gauean eskainiko ditu ETB1ek 'Gasteizko Jaiak 2017' saio bereziak. Ostiraleko saioak Zeledonen jaitsierak utzi dituen momenturik onenak errepasatuko ditu, eta San Miguel Elizako balkoitik plazako giro guztia eta irudirik ikusgarrienak erakutsiko ditu.

Ondoren, 'Gasteiz Kantuan' kontzertua aurkeztuko du Ilaski Serranok. Bertan, betiko euskal kantu tradizionalak kantatuko dituzte Euskal Herriko hainbat kantari famatuk, besteak beste, Mikel Urdangarin, Gorka Knörr, Xabier Euzkitze, Maria Amolategi, Jaione Olazabal eta Laura Latiendak. Kantuen artean, 'Lau teilatu', 'Xalbadorren heriotza' edota 'Itsasontzi baten' abesti ezagunak izango dira entzungai. Gainera, Bankako Menditarrak abesbatzak, Olabide Ikastolako kideek, Gasteizko Algara Dantza Taldeak eta Gasteizko Erraldoiek parte hartuko dute ikuskizunean.

Larunbatean, Gasteizko jaien egun handia ospatuko dute, Andre Maria Zuriaren eguna, hain zuzen ere. Ilaski Serranok, ETB1en, gaueko 21.00etatik aurrera, egunak eman duen onena eskainiko du 'Gasteizko Jaiak 2017' saio berezian.

Goizean blusa eta neskek Andre Mari Zuriari egiten dioten lore eskaintza nolakoa izan den ikusiko dugu, eta ondoren, egun horretan egoten den euskal dantza eta kantuei erreparatuko die. Egunak utzitako irudi onenak eskaintzeaz gain, Ilaski Serranok, 'Gasteizko zortzikoa' nola dantzatu duten erakutsiko du batetik, eta ondoren, urtero udaletxeko plaza berrian egiten duten ikurrinaren omenaldiko ikuskizuna eskainiko du.

Algara dantza taldearen eskutik, hainbat euskal dantza ikusiko dira, txistu, txirula, trikiti eta gaiten doinuekin. Guztira, 150 dantzaritik gora bilduko da Plaza Berrian, eta denen artean, ikurrina omenduko dute. Egun honetako ekitaldirik jendetsuena izaten da ikurrinaren omenaldi hau, eta ETBk osorik eskainiko du.

Larunbat gauean, igande arratsaldean eta astearte gauean pilota emankizunak egingo ditu ETB1ek Gasteizko Ogueta pilotalekutik. Larunbatean, Olaizola II-Larunbe / Urrutikoetxea-Albisu Ama Zuria torneoko finalerdia eskainiko da eta igandean Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III-Merino II bikoteen artekoa. Astearte gauean jokatuko dute bikote irabazleek torneoko finala. Astelehenean, berriz, Buruz Buruko finalaren errebantxa jokatuko da Bengoetxea VI.aren eta Irribarriaren artean.

Asteazkenean (abuztuak 9), 22:15ean, Gasteizko Txistulari Kontzertua eskainiko du ETB1ek. Abuztuaren 5ean Machete Plazan egingo den musika eta dantza emanaldian, Txistulari Elkarteko txistulariek beste lurraldeetako musika tresna folklorikoekin batera joko dute, besteak beste, Asturiasko eta Galiziako gaitak, gitarra flamenkoa eta Zamorako txistu sayaguesa entzuteko aukera izango dugu. Folklore Udal Akademiak antolatutako ekitaldiak, gainera, Gasteizko Erraldoien Konpartsako erraldoien partaidetza ere izango du, konpartsaren ehungarren urteurrenean.

Emanaldiaren ondoren, 00:30ak aldera, Zeledonen igoera eskainiko du ETB1ek zuzenean, Ilaski Serrano eta Unai Ugarteren eskutik.

Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en. Bertan gainera, albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera dago.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos