'Altsasu, gauaren muturrerainoko bidaia' erreportajea, ETB1en

Epaiketaren bezperan, Altsasura hurbildu eta gazteen senideekin eta Euskal Herrian lan egiten duten bi guardia zibilekin egon da erreportajearen lantaldea

'Altsasu, gauaren muturrerainoko bidaia' erreportajea izango da ikusgai astearte honetan, apirilak 17, 22:30etatik aurrera, ETB1en. Altsasuko zortzi gazteen epaiketaren bezperan, Altsasura hurbildu da dokumentalaren lantaldea. Historia guztiek bi alde dituztenez, historia bera kontatzeko eta interpretatzeko modu ezberdinak daudenez, bi aldeekin elkartuko dira: gazteen senideekin eta Euskal Herrian lan egiten duten bi guardia zibilekin. Halaber, ondoren eskaintzen den 'Ahoz Aho+' Saioa Martijak aurkeztutako saioak Altsasuko auzia izango du hizpide.

Batetik, Altsasun lan egin duen guardia zibil batekin elkartuko dira. Bera zauritutako tenientearekin eta sarjentuarekin egon zen istiluaren osteko egunean, ospitalean. Haiekin bizi izandakoa zer izan zen, eta haiek kontatutakoa zer den esango du. Eta baita bere esperientzia ere. Altsasun guardia zibilekiko gorrotoa sentitu ote duen eta bere ustez gazteek fiskalak eskaturiko zigorra merezi al duten.

Euskadin lan egiten duen beste guardia zibil bat ere ezagutuko dugu. Haren bizipenak kontatuko ditu, egunerokoan Euskal Herrian guardia zibil izatea zer den jakingo dugu bere eskutik.

Bestetik, Adur Ramirez de Aldaren senideekin egongo dira, 50 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak gaztearentzat. Epaiketa aurreko azken bisitara bidean egongo dira eurekin. Bisitara nola doazen eta itzulerako bidaia nola bizi duten ezagutuko dugu, baita epaiketaren aurreko egunak eurentzat nolakoak diren ere.

Horrez gain, errealitatea nolakoa den eta bizilagunek zer pentsatzen duten jakin nahian Altsasura joango dira; bertako harategi batera, okindegira, tabernetara... Hala herriaren erradiografia bat egitea lortuko dute. Altsasuko alkatearekin ere egongo dira, berak dio hau ez dela ez zuri ez beltz, ez dela terrorismoa baina ezta taberna batean egoten den liskar arrunt bat ere.

Eta amaitzeko, alor judizialari erreparatuko diote, epaiketan 12 eta 62 urte bitarteko kartzela zigor eskaerak daude mahai gainean. Horretarako, esparru hori lantzeko, Amaia Izko gazteen abokatuarekin, Fernando J. Perez El Pais-eko kazetariarekin eta Manuel Canciorekin egongo dira, bera zigor kodean katedraduna da eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan zuzenbide irakaslea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos