Abian da 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko castinga

Hautagaietako bat, kameraren aurrean bere burua aurkezten.
Hautagaietako bat, kameraren aurrean bere burua aurkezten. / ETB

ETB2ko realityaren hurrengo ediziorako lehiakideak aukeratzeko probak egin dira Gasteizen, Iruñean eta Donostian. Azkenak EiTBk Bilbon duen egoitzan izango dira

'El Conquistador del Fin del Mundo' realityrako castingak abian dira. Joan den astean hasi ziren probak Iruñean eta Gasteizen; astelehenean, Donostian egon ziren; eta, asteartean eta asteazkenean (uztailak 11 eta 12), EiTBk Bilbon duen egoitzan (Basurtuko Kaputxinoen bidea, 2) izango dira aurrez aurreko azken castingak.

Lehiaketaren hamalaugarren edizioan parte hartu nahi dutenek aipatutako egunetan castingetara hurbiltzeko aukera izango dute, 10:00etatik 20:00etara.

Bertara joaterik ez dutenek, halaber, Internet bidezko castingaren bidez egin dezakete eskaera. Bideo bat bidali beharko dute eitb.eus-eko 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren web orrialdearen bidez. Abuztuaren 31ra arte egongo da bideo-castinga bidaltzeko aukera.

Duela lau egun jarri ziren martxan aukeraketa probak, eta ehunka persona aurkeztu dira. Castingaren arduradunen esanetan, aurtengo hautagaiak aurreko urtekoak baino nagusiagoak dira, 25-30 urtekoak. Aurten, gainera, nabari da hautagaiek argi dutela nora doazen, eta aurreko urteetan baino ziurrago ageri dira kamera aurrean.

Aurreko urteetan bezala, mutilen kopurua neskena baino altuago da: hautagaien % 30 emakumeak dira eta % 70 gizonezkoak. Hala ere, emakumeen artean maila altua dago.

Hautagaiek argazkia atera eta inprimakiak bete ondoren, kamera aurreko aurkezpenari eta galderei egin behar diete aurre. Sekretua naturaltasunez jokatzea eta zintzotasunez erantzutea da, eta, antolatzaileen esanetan, aurkezpenean egin eta esango direnak prestatuta eramatea da onena; izan ere, gaur arte jasotako partaideen artean maila handia egon da.

Espiritu abenturazalea izatea eta kirola eta bidaiatzea gustuko izatea eskatuko zaie parte-hartzaileei. Hala ere, mota guztietako lehiakideen bila dabiltza arduradunak: kirolariak eta fisikoki indartsuak direnak, umoretsuak eta erakargarritasunen bat dutenak... Denek dute 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko hamalaugarren edizioko lehiakide izateko aukera.

Gaitasun fisikoak izatea abantaila dela dirudien arren, arduradunek ez dute hori bilatzen. Argi dago 'El Conquistador'eko baldintzak gogorrak direla, baina gaitasun fisikoa ez da ezinbesteko ezaugarria egoera zailei aurre egiteko. Egoera ezerdinen aurrean aurpegia eman eta ezkutatzen ez diren pertsonak bilatzen dituzte, horiek baitira abenturan urrunen helduko direnak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos