Diario Vasco

Euskara bizitzeko lau modu

Elena Caballero, 'La Basu'.
Elena Caballero, 'La Basu'.
  • 20. Korrikarako egindako 'BatZuk. Euskararen lau aurpegi' dokumentala emango du astelehen honetan ETB1ek. Maika Etxekopar, Dani Alvarez, Elena Caballero 'La Basu' eta Ander Larunbe hartuko ditu protagonista.

ETB1ek 'BatZuk: Euskararen lau aurpegi' dokumentala eskainiko du astelehen honetan, martxoak 13. 20garren Korrikarentzat AEK-k eta Hiru Damatxo Ideia Faktoriak egindako ikus-entzunezko honek lau protagonista ditu: lau euskaldun berri, Maika, Dani, Elena eta Ander. Beste askoren artean, euskararekin harremana duten lau lagun dira, euskararen lau aurpegi. Aurpegi ezagunak, euren lanbide, zaletasun edota gizarte konpromisoagatik.

Maika Etxekopar antzerkilari, kantari eta musikari zuberotarra da; Dani Alvarez EiTBko kazetari galiziarra, aspaldian Bilbon bizi dena; Elena Caballero, 'La Basu', Euskal Herriko emakumezkoen raparen ikur nagusia da, eta Ander Larunbe, erdi eskoziar erdi iruinsemea, ezaguna da Iruñeko hainbat eremutan egin duen lanagatik.

«Euskal Herrian euskara eta hizkuntzak bizitzeko hainbat modu daude, pertsona bakoitzeko bat, BatZUK: zenbait elkarren oso antzekoak, beste zenbait ia antagonikoak. Lan honetan horietariko lau ezagutuko ditugu, testuinguru ezberdinetan bizi diren lau herritarren bizitzetan sartuko da dokumentala. Euskaraz bizi den jendea, edo euskarara hurbildu dena, masa homogeneo izatetik urrun, kolore eta ñabardura askotako multzoa da, eta aniztasun horren argazki bat da dokumental hau», irakur daiteke dokumentala aurkezteko prestatu duten oharrean. 'BatZuk. Euskararen lau aurpegi' astelehen honetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en. Hilaren 23an ETB2n ikusi ahal izango da.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate