Diario Vasco

Arantxa Urretabizkaia'Sautrela' saioan protagonista

Arantxa Urretabizkaia, oraingoz azkena duen liburua aurkeztu zuen egunean.
Arantxa Urretabizkaia, oraingoz azkena duen liburua aurkeztu zuen egunean. / MIKEL FRAILE
  • Horrez gain, aforismo generoaz arituko dira erreportajean eta Juan Luis Zabalak 'Hari hauskorrak', Rikardo Arregi Diazen lehen liburua, ekarriko du gogora

Larunbat honetan, Arantxa Urretabizkaia izango da 'Sautrela' saioan gonbidatu, eta haren 'Bidean ikasia (1993-2016)' liburua aurkeztuko du, Irun eta Hondarribiako Alardean emakumeen partaidetzaren inguruko gatazka ardatz hartzen duen lana. Hogei urte baino gehiago igaro dira Alardea dela eta gatazka piztu zela. Alarde Baztertzailearen aldekoek emakumeen kontrako jarrerak pairatu behar izan duten artekoa dugu Arantxa Urretabizkaia, zeina 1996tik engaiatu zen Hondarribiko Alardean emakumeen berdintasunaren aldeko borrokan. Urte hartan Alardean parte hartzen saiatu eta bortxaz egotzi zituzten emakumeetako bat izan zen, eta ordutik urtero desfilatu izan du, zaparrada zein ekaitz, Jaizkibel konpainiarekin. Aspalditik izan du buruan esperientzia lazgarri horien inguruan idaztea, eta horren emaitza da hain justu Bidean ikasia (1993-2016). Liburu egiati bezain gordina da, fikzioaren lanabesak erabiltzeari uko egiten ez diona.

Erreportajean, bestetik, literaturaren baitan bigarren mailakotzat jotzen den genero batengan jarriko dute arreta; aforismoan. Izan ere, badira zenbait urte EHUko Filosofia fakultatean Oihenart aforismo lehiaketa antolatzen dela, eta horren harira, lehiaketaz zein aforismo generoaz mintzatuko dira Antonio Casado da Rocha eta Ekaitz Goikoetxea.

Saioaren amaiera aldera Juan Luis Zabalak iraganeko liburu bat berreskuratu eta komentatuko du, kasu honetan poema liburu bat, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren lehen liburua, 'Hari hauskorrak'. Bukatzeko, Baionako Elkar, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu dendetako gomendioak izango ditugu orobat.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate